GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ezkurdiaren erakustaldi aparta

Arbizuarrak dena ongi egin zuen Eibarren Jaka 22-2 menderatu eta «nafarren finalera» sailkatzeko. Bi nafar neurtuko dira Nafarroa Arenako hitzorduan.


EZKURDIA 22

JAKA 2


Joseba Ezkurdia izango da Unai Lasoren aurkaria maiatzaren 29an, bi aste barru, Nafarroa Arenan jokatuko den Buruz Buruko Txapelketan. Arbizuarrak sekulako erakustaldia eman zuen atzo Eibarren eta 22-2 menderatu zuen batere aukerarik izan ez zuen Erik Jaka.

Partidak ez dauka zer kontatu gehiegi, zoritxarrez. Joseba Ezkurdiak dena ongi egin zuen: sakearekin asko asmatu, pilota ederki atzeratu, errematean oso inspiratuta aritu eta defentsan jardun behar izan zuen une gutxi horietan arazorik izan ez.

Perfekzio horretan salbuespen bakarra egon zen: partidako lehen tantoa. Lehen sakea Ezkurdiari egokitu zitzaion, baina nafarrak ez zuen asmatu lehen pilotakada horretan, eta bigarrenean ere ez, Jakari errematerako aukera utziz.

Baina hortik aurrera Ezkurdiaren erauntsia hasi zen, eta Jakak ezin izan zuen ezertxo ere egin. Eskuin boleaz txokoan, zabalera bikain irekiz, atzera joz… klase guztietako tantoak egin zituen Aspekoak eta lehen atsedenaldira (12-1) 15 minutuan iritsi zen neurketa. Partziala 14-1ekora arte luzatu zen.

Ezkurdiaren galdutako pilota bakarra 14-2koa izan zen, txapara bidali zuen pilotakada batean, eta horixe zen Jakaren aukera markagailuan inguratzen saiatzeko. Baina presio horrekin jokatzea ez da erraza eta txapa azpira joan zitzaion berehala pilota gipuzkoarrari, balizko erreakzioa ezerezean utziz.

Ezkurdiak berera jarraitu zuen eta zuzenean joan zen 22-2kora, azken txanpan jada Erik Jaka lur jota zegoela. Garaipena merezi moduan ospatzeko aukera izan zuen Ezkurdiak, lehiaketa honetan bere lehen finala jokatzeko aukera izango baitu. Gainera, Buruz Buruko Txapelketaren historia luzean lehen aldiz Nafarroan jokatuko den finala bi nafarrek jokatuko dute, eta jada internet bidez salgai ziren sarrera guztiak agortu dira.

«Oso pozik nago. Astean zehar pelikula asko egiten dituzu, partida nolakoa izatea nahi duzun bisualizatzen duzu, eta gaur dena ongi atera zait», onartu zuen Joseba Ezkurdiak neurketa amaieran. «Aurretik bi aukera izan nituen finalean sartzeko eta ez zen posible izan, eta azkenean lortu dut», gaineratu zuen.