2022 MAI. 16 Fulenn Jon GARMENDIA«TXURIA» Idazlea Kalush Orchestra taldeak irabazi zuela Eurovision lehiaketa “Stefania” kantarekin. Atzoko goiza irratia entzunda hasi nuen aspaldiko partez, izaten baita ohitura bat batean ez duzula egiten astebetez edo gehiagoz baina berriro ere itzultzen zarela lehengora. Ukrainakoa zela talde irabazlea, Errusiak inbaditu duen herrialdekoa alegia, eta horrek… entzun bezain laster pentsatu nuen ez zuela musikagatik irabazi. Frantziak emaitza biziki txarra izan zuela aipatu zuen esatariak gero, ia azkenak izan zirela Alvan eta Ahez “Fulenn” kantarekin. Polemika bazela, sare sozialetan «Une chanson en patois régional que personne ne comprend» salatu zutela kanta bretoieraz zelako… Argi dut jaialdian ez duela beti onenak irabazten, baina hizkuntzari egoztea frakasatu izana…tumatx! Kattel Golleten legendaz mintzo zen kanta: zaldun aberats batekin ezkontarazi nahi zuten neskatila. Berak dantza maite zuen, eta baldintza gisa jarri zuen hamabi orduz berekin dantzatuko zuenarekin ezkonduko zela; saiatu ziren guztiek nekearen nekeaz huts egin zuten. Kattel dorre batean giltzapetu zuten zigortzeko, baina handik ihes egitea lortu zuen, baita hamabi orduz berarekin dantza egingo zuena aurkitu ere, Deabrua! Hark arrastaka eraman zuen infernura eta horrela kondenatuen erreinuko ateak zeharkatu zituen Kattelek. Emakumearen emantzipazio ikuspegitik hautatu zuen musika taldeak legenda hau “Fulenn” kantarako. Dena bikain, baina beharbada, horrek ere eragin du emaitzan.