2022 MAI. 18 Ikus-entzunezko Lege berrian euskara bermatzeko eskatu dute Hainbat eragilek Donostian atzo egin zuten agerraldian, Ikus-entzunezko espainiar Lege berriak euskararen «etorkizunean eta berreskurapen prozesuan izango duen eragin handia» nabarmendu zuten eta, hori dela-eta, «gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko gutxieneko neurriak jasotzeko» eskatu. Ostegunean lege-proiektua eta alderdiek aurkeztutako zuzenketak aztertuko dira Kongresuan, baina ez da hilaren amaiera bitarte bozkatuko. GARA Donostia Ostegunean espainiar Kongresuak Ikus-entzunezko Lege berriaren eztabaidari ekingo dio, eta horren atarian, Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Iban Arantzabal, Tokikom-eko presidentea; Igor Astibia, Hekimen-eko koordinatzailea; Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz-ko bozeramailea eta Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, elkartu ziren Donostian. Bilbaok eta Aginagaldek agerian utzi zuten lege horrek euskararen «etorkizunean eta berreskurapen prozesuan izango duen eragin handia», eta horregatik, «gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko gutxieneko neurriak jasotzeko» eskatu zuten. Horren aurrean, azken hilabeteotan ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia bultzatzera bideratutako “Netflix Euskaraz”, “Disney+ Euskaraz”, “Filmin Euskaraz”, “Zinemak Euskaraz” edo “3000 Twitz” ekimenak goraipatu zituzten. «Eskubideen bermeaz ari gara, baina horrez gain, beharra dago eta herritarrak eskatzen ari dira. ‘Pantailak Euskaraz’ manifestuaren inguruan izandako adostasun zabalean eskaera batzuk jaso ziren ikus-entzunezko legeari dagokionez», adierazi zuen Aginagaldek. Legearen eztabaidan haiek egindako ekarpenak ez direla kontuan hartu deitoratu zuten. «Ez gureak, ez gainerako berezko hizkuntzen alde lan egiten duten eragileenak ere», esan zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. Azaroan, espainiar Gobernuak Kongresura helarazi zuen lege-proiektua, berezko hizkuntzei zegokienez «aldaketa esanguratsurik gabe», eta eragileek egindako ekarpenak zuzenketa bihurtu eta euskal alderdiei bidali zitzaizkiela gogorarazi zuten. Paul Bilbaoren hitzetan, «alderdiek zuzenketak egin dituzte, eta batzuen eta besteen artean, guk egindako ekarpenak jasota daudela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi legeak jasoko dituenik, noski». Hilaren amaieran bozketa «Egokitzat jo dugu, esaterako, hamabi urte bitartekoentzat eduki batzuk bermatu behar izatea. Hala ere, kontuan hartuta lege honek datozen urteetako eskaintza arras baldintzatuko duela, beharrezkoa da modu osoagoan egitea eskatzea», gaineratu zuen. Ostegun honetan Kongresuko Ponentziaren Batzordean aztertuko dira lege proposamenari alderdiek aurkeztutako zuzenketa guztiak, bai eta erdibideko berriak ere, baina ez dira oraindik bozkatuko. Hau hilaren amaierarako aurreikusi da. Atzokoan, legeak euskararen «gutxieneko presentzia berariaz arautzeko beharra» nabarmendu zuten eta, bide horretan, hainbat proposamen egin zituzten. Alde batetik, «hizkuntza gutxitu bakoitzari, gutxienez, %8 esleitzea». Bestalde, «katalogo orokorrean berezko hizkuntza gutxituei %40 esleituko zaie, baina halabeharrez jasoko da hizkuntza bakoitzak, gutxienez, %12 izango duela». Era berean, diru publikoz egindako lanetan «euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea, eta horretarako erakunde publikoek behar den erraztasunak ematea» eskatu zuten. Telebista publikoetan ere, bestalde, «gutxieneko kuotak ezartzea, lurraldeko informatiboak bertako hizkuntza ofizialean egitea edo Clan TVko edukiak bikoiztea». Eta, azkenik, alderdiei «bertan jasotako eskaerak onartzeko urratsak» egin zitzatela eskatu zieten.