2022 MAI. 24 Bertsolaritza ikertzeko, 40.000 euroko dirulaguntza Nafarroan Nafarroako bertsolaritza ikertzeko hitzarmena sinatu dute Euskarabideak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Akordio horri esker, 40.000 euroko dirulaguntza emango du Nafarroako Gobernuak, urteetan ondarea biltzen eta ikertzen elkarteak egin duen lana aitortuta. GARA IRUÑEA Euskarabideak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak 40.000 euroko dirulaguntza jasotzeko hitzarmena sinatu zuten atzo, 2022an zehar dokumentazioan oinarritutako eta bereziki Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa lan bat egiteko. Akordio horri esker, erakundeen aitortza eta finantzaketa jasoko du bertsolaritzak Nafarroan utzitako ondarea biltzeko eta ikertzaileen esku jartzeko elkarteak urteetan egindako lanak. «Gogoan hartu behar da Nafarroako Gobernuak, 2018. urtean, Kultur Intereseko Ondasun izendatu zuela bertsolaritza, Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenentzat aitortuz eta zaindu eta transmititu beharreko ondare materiagabetzat hartuz», adierazi zuen Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak hitzarmenaren berri ematean. «Orain sinatutako hitzarmen honek bultzada berri bat emango dio helburu horri, bertsolaritzak eragiten duen ondarea jasotzeko eta ondare hori biharko belaunaldi zein ikertzaileen esku uzteko», gaineratu zuen. Urteak dira Nafarroako Bertsozale Elkarteak bertsolaritza geroratzeko helburuari jarraika, dokumentazioa eta ikerkuntza bere jardunaren oinarritzat jo zituela. Ordutik, bertsolaritzak Nafarroan eragindako ondarea biltzeko eta dokumentatzeko ahaleginean aritu da elkartea. Urtean zehar 200 bat bertso ekitaldi egiten dira Nafarroan eta horien lagin garrantzitsu bat dokumentatzea (audio eta bideo grabazioak, argazkiak, kartelak, saioen transkripzioak, datu bilketa…) erronkatzat du elkarteak. Horrez gain, bertsolaritzarekin lotutako pertsonen (bertsolarien, epaileen, gai-jartzaileen, antolatzaileen) biografiak eguneratzen dira urtero eta hemeroteka antolatzen da, besteak beste. Xenpelar Zeregin horretan, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren ezinbesteko laguntza du bertso elkarteak. 1991n sortua, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzen du zentroak, maila guztietako eta ikuspuntu guztietatik egindako ikerkuntza bultzatzeko. Xenpelar Zentroak ezarritako irizpideen arabera biltzen du ondarea Nafarroako Bertsozale Elkarteak, bertsolaritzaren corpus garaikidea osatuz. Modu horretan, bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi transmititzeko oinarrizko funtsa osatzeaz gain, orotariko ikerketak gauza daitezen oinarri dokumentala ezartzen du. Gogoratu behar da Euskarabidearen zereginen artean euskara bizitza sozialeko esparruetan agertu eta erabiltzeko informazio eta sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea dagoela; eta hitzarmenak bete-betean jotzen du asmo horrekin. Haizea Beruete bertsolari iruindarra hil da Haizea Beruete Lopetegi bertsolari iruindarra zendu da, 28 urte zituela. Beruetek bere ibilbidean bertsolaritzako hiru plaza garrantzitsutan kantatu zuen: eskolartekoan umetan (Euskal Herriko Eskolarteko finalean 2008an); Nafarroako Bertsolari Txapelketan (2013), Larraintzarren, Julen Zelaieta, Aritz Saragueta, Amaia Elizagoien, Oier Lakuntza eta Ekaitz Astizekin batera. Nafarroako Bardoak taldekako txapelketan eta hainbat gazte sariketatan ere kantatu zuen “Gora 12 obario eta 11 pedrada” taldean. 2018an Barañaingo kopla sariketan hartu zuen parte. Horrez gain, bertso eskolako irakasle aritu zen eta bertso udalekuetan begirale izan zen. Gainera, 2021ean Nafarroako Bertsozale Elkarteak emandako eta 14 kantaz osatutako “Gure aldetara” diskoan parte hartu zuen beste 13 emakumezko bertsolarirekin. Ekimen horren harira zenbait bertso jaialdi egin zituzten eta horietako batean gai-jartzaile aritu zen; 2021eko abuztuan Ezpeleta jauregian egin zen jaialdian, hain zuzen ere. GARA OBJETOUna de las tareas de Euskarabidea es promover programas de sensibilización para la presencia y uso del euskera en ámbitos de la vida social, y el convenio está en línea con ello.