GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bai-k zerga bulegoa okupatu du, etxebizitza eskubidea defendatzeko

«Ipar Euskal Herrian bigarren etxebizitzen etengabeko hazkundea gelditu nahi bada, higiezinen merkatua arautzeko neurri ausartak hartu behar dira». Hori aldarrikatu zuten Euskal Herria Baiko hainbat ekintzailek, atzo arratsaldean, Baionako zerga bulegoa okupatuz.


Covid-19ak eragindako pandemiak areagotu egin du bigarren etxebizitza kopuruaren etengabeko hazkundea Ipar Euskal Herrian. Egoera larri horri aurre egiteko «merkatua arautzeko neurri ausartak» hartu behar direla aldarrikatu zuten, atzo arratsaldean, Baionan, Euskal Herria Baiko ekintzaileek protesta ekintza bat eginda.

Arratsaldeko ordu biak pasatxoan, hainbat ekintzaile zerga bulegoan sartu ziren, “Joko arauak alda ditzagun” lelopean ezkerreko mugimendu abertzaleak berriki martxan eman duen kanpaina fase berri batean sartzera doala jakinarazteko.

Hala, ondoko asteetan «erantzun instituzionala ez bada erronken araberakoa izaten» atzokoa bezalako okupazio ekintza gehiago eginen dituztela jakinarazi zuten, eta bidez batez herritarrei protesta molde horrekin bat egitera deitu zieten.

Azkeneko hilabeteetan, hainbat erakundek urratsak egin dituzte etxebizitzaren gaineko arazoari aurre egin nahian.

Hala nola, Euskal Elkargoak gehiengo zabalez onartu zuen Airbnb bezalako plataformen bidez eskaintzen diren alokairuak mugatzeko tresna berria. Hala, konpentsazio sistemaren bidez, urte osoko alokairua sustatu nahi du erakundeak.

Hala, EH Baik mezu bat igorri zien atzo Ipar Euskal Herriko auzapezei, arautegi berria eskuan, gehiago itxaron gabe erabakiak har ditzatela eskatuz.

Euskal Elkargoa soilik ez, Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren bultzadapean, batzorde estrategikoa eratu da, erakundeetako ordezkariak zein etxebizitza arloan lan egiten duten egituretako adituak biltzen dituena.

Etxebizitza eskubidea lehenesteko bidean urrats sakonagoak egiteko ordua dela oroitarazi zion atzo EH Baik Estatuaren ordezkaritzari; besteak beste, heldu den bilerari begira egutegi zehatza galdegin zion.

«Eric Spitz prefetari zuzentzen gatzaizkio berriz, benetako neurriak har ditzan, espekulatzaileek Monopoly partida geldi dezaten», erran zuten ekintzaileek zerga bulegoan joko horretako txartelak airera botaz.

2021eko azaroaren 20an Baionako karrikak zeharkatu zituen manifestazio handiaren ostean (8.000 lagun) heldu dira gehienbat erakundeek zein gizarte zibilak bultzaturiko ekimenak. Hain zuzen, mobilizazio horren bultzatzailea izan zen Se loger au Pays Basque-Euskal Herrian Bizi plataformak heldu den ekainaren 4rako etxebizitzaren gaineko foroa antolatu du Hiriburun.