GARA Euskal Herriko egunkaria

Mundu konektatuaren inguruko hausnarketa egin du Lizar Begoñak

Lizar Begoña olerkari sopeloztarrak bigarren poema bilduma argitaratu berri du, “Gepardo japoniarrak” izenekoa, Susa argitaletxearekin. Mundu konektatua du hizpide lan berri honek, botanikaz baliatuta eta poesiaren forma «bihurrituz». Susak dioen bezala, hitzen zoo librea osatu du Lizar Begoñak poema-liburu honetan.


Lizar Begoña sopeloztarraren bigarren poema liburua da “Gepardo japoniarrak”. Mundu konektatuaren inguruan hausnarketa egiten duten olerkiak bildu ditu, bost ataletan, botanika baliabide estilistiko bezala hartuta eta poemen formarekin jolastuz. 2020an argitaratu zuen lehenengo liburua Begoñak, “Aro beilegia”, Balea Zuria argitaletxearekin.

Japonia edonon egon daitekeela dio Begoñaren liburu honetako “Japoniak” poemak. Hortaz, han berez gepardorik ez dagoen arren, munduan zehar gepardo japoniarren bat egongo dela aldarrikatu nahi du idazleak bigarren lan honen izenburuarekin. Hainbat aldetatik konektatuta dagoen munduari erreferentzia eginez, alegia.

Edukiari dagokionez, konexioa eta deskonexioa, antzinako panteoiak eta arte garaikidearen azken fenomenoak, espazio pribatuaren eta publikoaren izaera, lorategiak eta belar txarrak, Agnes Grey eta Brontë, indibidualismo digitala eta egoa, eta gazte zahartuen bilaketa bitalak aurki daitezke, besteak beste. Bost ataletan banatuta dago liburua, atzo Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak zehaztu zuenez. “Hasiera” eta “Amaiera” kapituluek ireki eta ixten dute liburua, editorearen hitzetan, «elkarri ispilu» egiten baitiote.

Hortaz, amaieratik hasi eta hasieratik bukatzen den poema bilduma da, «dena biltzeko» asmoarekin, Lizar Begoñaren hitzetan. Beste hiru atalak “Intentziorik gabeko kimuak”, “Cyperus rotundus” eta “Hirugarren paisaia” dira.

Bigarrenean «intentziorik gabeko poemak» bildu ditu Begoñak, belar txarrekin analogia eginez. Berak azaldu zuenez, honetan, «nahi ez ditugun landareak» ditu erdigune, «batez ere trataera aldetik».

“Cyperus rotundus”en, espezie inbaditzaileenetariko baten izen zientifikoa izan du lagun. Bestalde, Jorge Oteizaren “Itziar, elegía y otros poemas” bilduman oinarritu da: «Oso interesgarria iruditu zitzaidan Oteizak poesian forma eskultorikoekin, hitzen kokapenarekin eta gramatikarekin egindako jolasa».

“Hirugarren paisaia”, liburuaren laugarren kapitulua, prosan idatzitako lau piezak osatzen dute. Bakoitza espezie baten ingurukoa da: anemona, palmondoa, bonsaia eta kaktusa, alegia. Botanikarekin ere lotura estua du “Gepardo japoniarrak” lanak, beraz. Begoñak ez omen du zaletasun pertsonal handirik botanikarekiko, eta bere lanean «aitzakia testual edo poetiko» gisa hartu du, figura literario bezala.