GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
Iker Etxebarria, Unai Irisarri eta Jonan Juarez
Etxekalte taldeko kideak

«Estilo zuzena maite dugu: ez diegu kantei buelta gehiegi ematen»

Norberak erantzuteko galderez betetako diskoa kaleratu du Etxekaltek. 2015ean elkartu ziren Bermeon Iker Etxebarria, Unai Irisarri, Jonan Juarez eta Iñaki Olondo eta Etxekalte taldea sortu. Bigarren disko luzea atera berri dute, Elkarrekin, Habi taldearekin split bat kaleratu ostean. NAIZ Irratiko «MusikHaria» saioan aurkeztu dute «Nor da norbera?».

(Ziortza ASPIAZU eta Unai OTERO)

Zuzenean abesten hasten diren disko gehiegi ez dira izaten eta aspaldi ez dugu eskuartean halakorik izan. Hartara, sorpresa izan da Etxekalte taldearen “Nor da norbera?” diskoaren hasiera. «Konposizioa horrela hasi zen eta horrela geratu da. Buelta gehiegi ez zaio eman behar kontuari: oso zuzenak gara», esan digute Etxekaltekoek.

Diskoaren lehen zatian iraupen laburreko kantak daude, eta bada Etxekalteren adierazgarrietako bat kanten iraupena. Ez diote buelta gehiegi ematen kanten egitura perfektuak bilatzeari: kantak bere izaera edo esentzia propioa duenean, iraupen laburra edo luzea izan, horrela geratzen da.

“Pentsaminak” hitza sortu dute sentimendu propio bati izena emateko, mina eragiten duten pentsamenduak esateko modu aproposa: «Hitz batzuk ez dira azalean geratzen eta barrurago iristen dira. Horiek oroitzapenak ere ekartzen dizkigute eta batzuetan mingarriak izaten dira; hortaz, hortik etorri zen ideia».

“Lo egiteko errez” izeneko kantan agertzen da hitz hori eta «bizitzan sabaiari begira gau asko» pasatu izan dituela kontatu digu Iker Etxebarriak, bateria jotzeaz gainera, taldeko hitz gehienen egilea denak.

Lokalean, Unai Irisarrik eramandako gitarra oinarrietatik abiatzen dira abestiak: «Egitura oso bat edo ia oso bat egiten dut lehendabizi eta hori lokalera eraman, dena desmuntatu eta kanta bat ateratzen da. Egitura berria egiten da, zatiak osatzen dira, eta abar».

Horri Etxebarriak batu dio «Unai ideiaz betetako bonba bat» dela. «Ekartzen dituen ideiak nola lotu izaten da askotan gure kezka. Gainera, askotan gertatzen da ez dakizula nola lotu elkarren artean zatiak, erdi hilda daudela, eta beste abesti bat bihurtzen dira. Horren adibidea da, esaterako, ‘Oreka mantendu’, aspaldiko deskarte bat zena», aipatu digu Jonan Juarezek.

Memoriari tiraka.

Zati horiek ez dituzte grabatzen gero: memoriatik tira egiten dute, kantak osatzen ari diren bitartean. «Gisa horretara, nork bere burua adi du: kanta bat egin eta etorkizunean berriz ere burura badatorkizu, seinale zerbait baduela», dio Juarezek. «Baina zorionekoak ere bagara, gaur hemen ez dagoen arren, Iñaki Olondo liburutegi musikal bat delako. Ez zaio ezer ahazten: lehen maketako deskarteak ere gogoan ditu!», dio Irisarrik, berak grabagailua erabili ohi duela aitortuz.

Disko osoan gitarrek protagonismo handia dute, baina “Eta galderen” kantan bereziki, ahotsen pare jarrita daudela iradokitzen du nahasketak. Victor Sanchez arduratu da grabaketaz eta nahasketaz.

Diskoan, oro har, galdera asko daude: «Horregatik diskoaren izenburua bera ere galdera da». Erantzunak, ordea, norberak bilatu behar ditu. «‘Eta galderen’ kanta, esaterako, minetik idatzita dago. Min batek sortzen dituen galderak eta kezkak dira eta horri nola aurre egin planteatzen da bertan», aipatu digu Etxebarriak.

Euskara batuaren aldeko hautua egin duten arren, Bermeoko hiztegitik ere sartu dute hitzen bat edo beste kanten izenburuetan. “Arpi eman” da abestietako bat, eta hori azaltzeko eskatu diegu Etxekaltekoei: «Zerbait txarra gertatzen den egoeren aurrean erabiltzen dugun esamoldea da ‘arpi eman’. Aurpegitik dator ‘arpi’. Hortaz, egoera zail horien aurrean aurpegia emateaz, aurre egiteaz, ari gara hizketan abesti horretan. Zalantza guztien aurrean nola jokatu eta aurrean ditugun aukerak nola baliatu, hori da barruan gordetzen duen galdera».

Irisarrik dioenez, «ez dakit zenbat buelta eman genizkion kanta horri! Lagun batek ere bere ekarpena egin zuen. Aldaketa asko egin dizkiogu, batez ere, diskoa bere osotasunean zentzua hartzen joan den heinean». Musikalki halako eztanda bat du kantak hasieran, nahiz eta gozotik abiatzen den, abesti eder eta epikoa egiteko.

Kalifornian begi bat jarrita.

Taldearen eraginen inguruan ere galdetu diegu. Izan ere, agerikoa da, lau izanik, iturri desberdinetatik edaten dutela Etxekalteko kideek. «Bakoitzak bere gauzetatik asko edaten duen arren, Kaliforniako post-hardcorea izan daiteke denok gustuko dugun estiloa: Touché Amoré eta antzeko taldeak. Baina ez dugu sekula aterik itxi, eta probatzeko ez dugu ikararik izaten, gauza lasaiagoetan edota lodiagoetan, gure estiloak horrekin jolasteko aukera ere ematen digulako», kontatu digu Juarezek.

Soka instrumentu guztiak jolasean eta elkarren artean nahasten entzun daitezke “Zertan joan” kantan. Baxuak distira egiten du abesti horretan. Bateriaren lana bigarren planoan gera daiteke, baina baditu bere gauzak eta hori aztertu dugu Iker Etxebarriarekin: «Erritmoa mantenduz, oinarriari eutsiz, baina nire eskua nabaritu dadila; bateria beste instrumentu bat bezala tratatzen dugu, adierazteko beste modu bat bezala. Kanta guztiak gitarretatik abiatzen direnez, oso mugatuta ibili naiz gauza askotan, baina oinarriari indarra ematen saiatu naiz diskoan».

Kantak elkarrekin lotuta daude, eta “Zertan joan” arrazional eta metaforikoak “Semitriste” emozionalari ematen dio bide. «Autokritika moduan hartu behar da batzuetan abesti bat edo beste. ‘Zertan joan’ hortik doa:, egin aurretik gauzak bi aldiz pentsatzeari buruzko abestia da. Diskoan arazoei benetan aurpegia ematen dien lehen kanta da; beste denak kaotikoagoak direla esan dezakegu», nabarmendu digute taldekideek.

Beraiek esan dute bi kantek lotura dutela eta entzutean bat ez dela jabetzen bi pistak noiz banatzen diren. «Ez daude aldi berean sortuta: bat lehenengotarikoa da eta ‘Semitriste’ azkenengoa izan zen. Baina biak lotuz gero ondo geratzen zela konturatu ginenez, hori egitea erabaki genuen. Kantak beren artean lotuta daude propio. Horregatik, soltean entzunez gero, hasierak edo bukaerak xelebreak direla pentsa daiteke», aipatu digute.

Nostalgia aurrera egiteko tresna.

“Oroigarri bat” kantan nostalgiak ez duela zama izan behar kontatu digute Etxekaltekoek, atzerako begiradak aurrera egiteko balio behar duelako. «Hasierak aipatzen ditugu abestian, askotan hasierak gogorrak izaten direlako eta hara itzultzera behartuta egoten zarelako. Indarrik gabe egoten gara askotan hasiera horietan, nekatuta, eta, hala ere, aurrera egin behar izaten da. Egoera bakoitza berriz baloratzeko balio du iraganak askotan eta ‘Oroigarri bat’ horretarako da», esan digu Etxebarriak.

Kanta guztietan errusiar mendian jolasean aritzen dira Etxekaltekoak: ez dago ia kanta linealik erritmoari dagokionez; hasieraren eta bukaeraren artean gorabehera ugari izaten dira. «Hori da gure kutsua. Dinamika askoko kantak izatea gustatzen zaigu: horrela ibili gara hasieratik eta disko honetan ere gauza bera egiten saiatu gara, dinamika hori gure zati da eta», nabarmendu du Irisarrik.

Gaur egun musika kontsumitzeko ditugun ohiturei oso ondo egokitzen zaizkie dinamika horiek, izan ere, estimuluak behar izaten ditu entzuleak: «Entzuleari atentzioa mantentzen laguntzen dio: abesti bat etengabe goian edo behean badago, belarria ohitzen zaio eta paso egiten du askotan. Baina, aldaketekin, burua berpiztu egiten zaio. Gurekin bat datorren zerbait da, bizitza bera bezalakoa da: ezin duzu beti topera edo baxu egon; beti gora eta behera ibiltzen gara».