2022 ABU. 18 «Higiezinen promotoreak herrian sartzea ekidin» dute Azkaraten Ainciburu familiarekin eginiko akordioak salmenta espekulatiboaren lanjera urrundu du. Philippe Etchenique auzapezak herrian «irtenbidea baikorki hartu» dutela nabarmendu du. Azkarateko auzapez Philippe Etchenique, maiatzaren 12an Baionako Auzitegian deitutako enkantea oztopatzeko mobilizazioan. (Guillaume FAUVEAU) M.U. BAIONA Urte luzez katramilatuta izan ostean, orain bi aste sartu zen azkenean konpontzeko bidean Ainciburu familiaren ondasunaren oinordetzaren auzia. Korapiloa askatzea xede, etxaldea erosteko eskaintza berritu zuen Azkarateko Herriko Etxeak EPFL deituriko egituraren aholkupean. Era berean, Safer lur funtsaren babesari esker, familiaren sailak lantzen dituzten laborari bik 31 hektarea lur erosteko eskaintza jarri zuten mahaigainean. Negoziazioaren ondorioz udala etxaldearen jabe bilakatuko da 539.000 euro ordaindu ondoren. Hektarearen batezbesteko «prezioa egokia» errespetatuz, berriz, 21 eta 42 urteko bi laborari lurren jabe bilakatuko dira. Mediabask hedabideari eginiko adierazpenetan «kontent» azaldu da Azkarateko auzapez Philippe Etchenique, adostutako salmenta «herriaren zein laborantzaren garapenerako onuragarria» delakoan. Era berean, uda betean heldu den konpromisoari esker «higiezinen sustatzaileak Azkaraten sartzea ekidin ahal izan dutela» nabarmendu du. Gauzak horrela, heldu den irailaren 8an Baionako Auzitegian igarotzekoa zen enkantea bertan behera gelditu da. Oroitzearren, iragan maiatzaren 12an Lapurdiko hiriburuaren epaitegian deituriko salmenta saioa geldiarazi zuten bertan bildutako dozenaka herritarrek. Orotara 31 hektarea laborantza lur, etxe bi eta Baigorri-Ortzaize eskualdeko herriaren muinean dauden bertze hainbat orube enkante bidez saltzeko saioa oztopatzea lortu zuten. «Euskal Herria ez da salgai» oihu artean hartu zuten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak deituriko protestan parte hartu zuten herritarrek Etxeberria izeneko etxaldearen salmenta hasteko deia. Egoera ikusita, saioa bertan behera utzi eta uda osterako hitzordu berria finkatu zuen jujeak. Mobilizazioa babestu zuen etxebizitzaren eskubidearen aldeko Alda mugimenduak txalotu egin zuen «behin-behineko garaipena». Orain ezagutu den salmenta akordioa «herritarrek baikorki hartu» dutela gaineratu zuen, bere aldetik, Etcheniquek. Ondasunak 164.000 euroko prezioan atera ziren enkantean maiatzean. Hori bai, behin betiko salmentak prezio askoz altuagoa hartuko zuela aurreikusten zen higiezinen inbertitzaileek erakutsitako interesa aintzat hartuta. Ainciburutarren ondasunetan hainbat egitasmo garatzeko asmoa du udalak. Hala, lursail bat legeak agintzen duen hilerri berria eraikitzeko baliatu nahi luke. Horrekin batera bertako herritarrentzat bizitokiak eraikitzeko asmoa ere azaldu du udal gobernuak. NO A LAS SUBASTASEl pasado 12 de mayo, los ciudadanos reunidos en el Tribunal de El acuerdo de venta ha venido a confirmar aquella victoria provisional.