GARA Euskal Herriko egunkaria

Elgoibarren eta Ibarran, San Bartolome jaiak berriz gozatzeko prest

Tristuraz betetako bi urte zail pasa eta gero, bueltan dira Elgoibarko jaiak. Elgoibarko Dultzainero Bandak jaurtiko du txupinazoa astelehenean, jaiei hasiera emanez. Kontzertuak, kirolak eta hitzordu gastronomikoak izango dira aurtengo ekitaldi nagusiak. Ibarran ere parrandarako prest dira, eta Alur dantza taldeak eta Uzturpe ikastolak piztuko dute festa. Noski, bertan ere ez da musikarik, dantzarik edo antzerkirik faltako.

Jaiak berriz disfrutatzeko gogo biziz dira Elgoibarren. (Jon URBE FOKU)

Abuztuaren 22tik 29ra bitartean, Elgoibar musikaz eta alaitasunez beteko da. Zea Mays, Gozategi eta Puro Relajo dira beste batzuen artean kontzertuak eskainiko dituztenak. Bisita gidatuak, hegaluze parrillada, txirrindularitza proba eta beste hainbat ekitaldi ere izango dira aurtengo jaietako protagonistak.

Bi urte jaiak ospatu gabe izan eta gero, musika kontzertuak beti bezain indartsu itzuliko dira Elgoibarrera. Horretarako, maila handiko artistak arituko dira festa giroa alaitzen: Gozategi, Zea Mays, EME (Elgoibarko Musika Elkartea), Puro Relajo, Kantu Kolore, Rockalean... San Bartolome bezperan (abuztuaren 23an), berriz, parrokian bisita gidatua iragarri dute, 10.00etan. Hurrengo eguna, abuztuaren 24a, San Bartolome egun nagusia izango da, eta meza nagusia egingo da 11.00etan. Udal musika bandak kalejira egingo du Elgoibarko kaleetatik, eta arratsaldean erraldoi eta buruhandiak izango dira.

Jaietako egitarauan hitzordua jarria dute Euskadiko Limousin Txapelketak, sagardo lehiaketa eta dastatzeak, gazta lehiaketak eta bertsolariek ere. Kirol jarduerei dagokienez, abuztuaren 24an eta 26an profesionalen esku pilota jaialdiak izango dira, 27an San Bartolome Jaietako XXII. Harri-jasotze Txapelketa, eta, 28an, azkenik, LXXV. Etxaniz Memoriala Txirrindulari Lasterketa eta XII. Euskal Herria Kopako finalerdia Eibar eta Alaves taldeen artean.

Txikien Eguna hilak 25a izango da, baina haurrek aste osoan zehar eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango dute. Hilak 26a, berriz, Nerabeen eta Gazteen Eguna izango da, 27a Baserritarren Eguna eta 28a Jubilatuen eta Umeen Eguna. Gainera, ez dira faltako San Bartolome jaietako betiko hitzorduak: erraldoi eta buruhandien kalejirak, txarangak, sokadantza, goitibeheren jaitsiera, dantza eta txistu emanaldiak edota jubilatuen bazkaria. Ane Beitia alkateak nabarmendu du aurtengo jaiak ohi bezala ospatuko direla eta adin eta gustu guztietarako ekintzak izango direla.

Udalak, elgoibartar guztien parte hartzea bermatzeko helburuarekin, neurri bereziak hartu ditu, tartean, festetako zenbait jardueratan lehendabiziko ilara gurpil-aulkiak erabiltzen dituztentzat gordetzea. 18.00etatik 20.00etara, berriz, ez da musikarik jarriko barraketan, entzumen hipersentsibilitatea duten pertsonek ere barraken guneaz gozatzeko aukera izan dezaten. Lekueder parkea, bestalde, buruhandirik gabeko gunea izango da, beldurra duten umeek zein babeslekuren bat behar duten pertsonek toki lasai bat izan dezaten. Txikien Egunean, azkenik, Bolatokiko parkea eta Mintxetako igerilekuak ardo zipriztinik gabeko guneak izango dira, ospakizuna ardo gabeko espazioetan bizi nahi duten herritarrak gogoan.

Denetarik Ibarran

Abuztuaren 22tik 27ra Ibarra ere jaietan egongo da. Horrez gain, irailaren 3an ere izango dituzte ekitaldiak. Adin zein zaletasun guztietarako ekitaldiak antolatu dituzte aurten, tartean haurrentzako jolasak, zezenak, sagardo-dastatzea, kontzertuak eta ikuskizunak.

Astelehenean, jaiei hasiera emango die suziri jaurtiketak. Aurten, Alur dantza taldearen eta Uzturpe ikastolaren eskutik. Erraldoiak eta buruhandiak Ibarrako kaleetan barrena arituko dira konpartsarekin batera, kuadrillen kalejiran murgilduta. Gazte kuadrillen bazkaria egingo da San Bartolome plazan, eta hortxe giro itzelaz disfrutatzeko aukera egongo da. Sagardoa Ibarrako edaririk ospetsuena izanda, sagardo dastatzea ere egongo da, elkartasun afariaren aurretik, San Bartolome plazan bertan. Bestalde, musika mexikarra ardatz duen Puro Relajo taldeak kontzertua eskainiko du Ibarran, dantzatzeko aukera bikaina, beraz.

San Bartolome egunean, meza nagusia egingo da izen bereko elizan, 10.30ean. Kulturari dagokionez, kale antzerkia ez da faltako Ibarran. Aurtengo herri antzerkiak, gainera, Ibarrako piperra izango du gai nagusi. Ohiko ibilbidean barrena, piper ezagunaren inguruko hainbat kontu antzeztuko dituzte aktoreek, umorez azalduz hazia nola aukeratu zuten, biltzaileen gorabeherak, piperren eta festaren arteko lotura… Noski, ez da faltako ez musikarik ez dantzarik ere.

Kirolarekin lotutako ekintzak ere egongo dira herriko jaietan. Adibidez, haurrentzako 3x3 futbol txapelketa egingo da Emeterio Arrese parkean abuztuaren 26an. Futbolaz gain, pentatloiaz disfrutatzeko aukera aparta ere izango da San Bartolome plazan. Pentatloi desafio mistoa jokatuko da bertan eta maila handiko kirolariak arituko dira nor baino nor: Lucia Orbe, Karmele Gisasola, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Joseba Otaegi.