2022 ABU. 28 ZORROZTARRIA Jakitera iritsi gabe Julen MURGOITIO Abuztuaren hondarrean gara, agorrilean. Gorbata eta termostato borrokekin abiatu zen hil politikoa, ohikoan hutsala izaten den hila, beste hil batzuen antzera. Agintari askorentzat klima aldaketak gero eta nabariagoan dakarren erronkaren korapiloa gorbataren erabileran ei dago, jakitera iritsi gabe benetako freskura burutik sortzen dela, ez besapetik. Amen! Bada, bai, derrepentean konturatu dira energia kontsumoak jaitsi egin behar direla koiunturak eskatuta, jakiteke hainbeste arazo koiuntural batera datozenean benetako arazoa estrukturala dela. Hortaz, gorbata egoeraren araberakoa da, erabakiak hartzen dituen burua da egiturazkoa. Pandemia Aroan garela beste olatu bat: sikatea lurralde zabal-zabaletan. Agorrilean ura ere, gasa balitz bezala, eskastu bidean erreketan. Koiuntura! Eta bulegoetan, 68ko maiatzeko Pariseko hormetakoa gomutan, «irudimena agintari!», «tanga-ontziz eroango!», jakitera iritsi gabe irudikeria ere izan badela, are gehiago behin eta berriz hormaren kontra jotzen denean. Izan ere, sikatearen erdian egonda eskura dagoena baina ez da erabilgarri; eskuragarritasuna aurretik landu behar da, denboraren perspektibaz. Eta normaleko berdeguneak horixka-gune diren normaltasun berri honetan, eguraldi iragarleek segitzen dute euri giroari “petralkeria” esaten, nonbait busti puntua grazia gutxiko eguraldia baita. Ama, ama, lurzoruek entzun beharrekoa! Portzierto, gorbata atzetik kontsumoak murriztea eskatzen ari diren honetan, urarenak ere murriztu beharko lirateke, estrukturalean, igerileku pribatuetan hasita… hortxe petralkeria! Beroketaren beste ondorio bat espezie asko desagertzear eta besteren bat agertzear jartzea da. Horra jai esparruetan ziztadaka hasi den hori, anpotrozenoaren adierazle. Negu gorria atarian.