GARA Euskal Herriko egunkaria

LAB: «Glovok ez du legea betetzen eta erakundeek ez dute ezer egiten»

Legeak hala agintzen badu ere, Glovok ez ditu langileak kontratatzen eta autonomo gisa kotizatzera behartzen ditu. Egoera hori eta erakundeek ez dutela ezer egiten salatzeko, elkarretaratzea egin zuen atzo LABek, Gizarte Segurantzak banaketa-enpresaren kontra abiatutako epaiketa hastear zela.

Glovok ez duela legea betetzen salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo LABek Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gizarte Segurantzak Glovoren aurka abiatutako epaiketa hasi zen atzo Iruñeko Justizia Jauregian. 2019an autonomo faltsu gisa zeuden langileen kotizazioak ordaintzeko eskatzen dio Glovori. Epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuen LAB sindikatuak, «Glovok erabateko zigorgabetasunean» jarraitzen duela salatzeko. Izan ere, «bere aurkako epai ugari egon arren, langileak autonomo gisa kotizatzera behartzen ditu, banaketak lortu nahi badituzte».

«2018 amaieran Glovo bere motxila horiekin iritsi zen Iruñeko kaleetara. Banaketa-enpresa zen, lan-formula berriak eta kontratazio-formula berriak erabiltzen zituena: erabateko prekaritatea. Jada 2019an, LABek lehendabiziko demanda jarri zuen Glovoren aurka, eta enpresa horretako banatzaileei kontratuak egiteko eskatu zuen. Lan Ikuskaritzak, zegokion ikerketa egin ondoren, alta eman zien Gizarte Segurantzan. 2020ko abenduan iritsi zen Gizarte Segurantzak Glovoren aurka Iruñean jarritako demandaren zitazioa: 80 langileri dei egin zieten gaur [atzo], urte eta erdi geroago, hasi den epaiketara», azaldu zuen sindikatuak.

Legea bete gabe

«Ordutik, hainbat autonomia erkidegotan emandako epaiez aparte, Espainiako Auzitegi Gorenarena barne, eta orain dela urtebete onartutako Rider Legeak emandako epaiez aparte (rider-ak ez direla autonomoak onartzen da), Glovok zigorgabe jarraitzen du, langileak kontraturik gabe edukiz eta langile autonomo gisa kotizatzera behartuz, banaketak lortu nahi baldin badituzte», salatu zuen LABek.

«Gaur hasi den epaiketan ez du ustekaberik espero LABek. Epaiak sindikatu honek beti defendatu izan duen teoriari jarraituko dio: Glovoko langileak kontratatu egin behar dira, Gizarte Segurantzan kotizatu eta haien baldintzak hitzarmen baten bidez arautu», gaineratu zuen LABek.

«Ez dago eskubiderik lau urtez langileak jasaten ari diren egoera dramatiko honetarako. Izan ere, enpresa honetan lan egiten duten egun bakoitzean pairatzen duten prekaritatea nahikoa izango ez balitz bezala (soldata zehatzik jaso gabe, lanaldi eta ordutegi zehatzik gabe, oporrik gabe; azken finean, eskubiderik gabe), behin enpresa uztea erabakitzen dutenean beste agonia bat hasten zaie. Ezin dituzte autonomoen kuota eta ordaindutako BEZa erreklamatu epai irmo bat egon arte. Ezin dute langabezia prestazioa jaso enpresak ez dielako baja ematen Gizarte Segurantzan (nahiz eta kotizazioak ez dituen ordaintzen). Ezin dute gurasotasun-prestazioa jaso enpresak ez duelako enpresa-ziurtagiria bidaltzen», azaldu zuen LABek, Glovok lau urteotan legeari iskin egin diola gaineratuz. «Eta hemen ez da ezer gertatzen. Ez instituzioek ez gobernuek ez diote eskatzen legea betetzeko» .

Rider Legeak urtebete egin du

Rider Legea delakoak urtebete bete du indarrean sartu zenetik eta, Iruñean atzo hasi zen epaiketa ikusita, oraindik alor honetan lan handia egin behar dela agerian gelditzen da. Orain dela urtebete, lege hori zela-eta Glovok «aurrekaririk gabeko autonomoen eredu berria» iragarri zuen. Beste banaketa enpresa batzuek, berriz, jarduera utzi zuten, Deliverook kasu.

Hitz politak bai, baina aldaketa gutxi sumatzen da Glovoren jardueran, legea indarrean sartu zenetik. Legeak argi eta garbi adierazten du enpresa hauetako banatzaileak («rider» gisa ezagutu ohi direnak) ez direla autonomoak, enpresarekiko lotura zuzena dutelako. Ondorioz, kontratuak eta hauek ekartzen dituzten onura guztiak izan behar dituzte langile horiek.

Iruñean egiten ari diren epaiketan, ostera, argi geratzen ari da Glovoren sistema berriak antzinakoaren antz handia duela. Langileak autonomo gisa kotizatzera behartzen ditu enpresak eta hori ez da Rider Legeak agintzen duena. GARA