2022 IRA. 03 Negoziatuz greba ekiditeko iradoki diote Metaleko sindikatuek SEAri Arabako Metalean hilaren 21, 22 eta 23rako iragarritako hiru greba egunak saihestu nahi izatekotan, datorren osteguneko bilerara «akordioa erraztuko duen jarrerarekin» azaldu dadila eskatu zioten ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek SEA patronalari. Langileak, ekainaren 30eko greba egunean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GARA GASTEIZ ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek Arabako SEA patronalari eskatu zioten «egoera birpentsatu» dezala eta negoziazio-mahaira ager dadila hilaren 8an. Arabako Metalean iragarritako hiru greba egunak ekiditeko «akordioa erraztuko duen jarrerarekin» azaldu dadila eskatu zioten sindikatuek. Sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten atzo. Arabako patronalari gogorarazi zioten hilabete honetako 21, 22 eta 23an greba egingo dutela, sektorearentzat hitzarmen duina eskuratzeko asmoz. Maiatzean eta ekainean ere egin zituzten lanuzteak. Agerraldian adierazi zutenez, SEAk ekainean eten zuen negoziazio-mahaia, eta hurrengo topaketan patronalak jarrera «immobilista eta arduragabea» erakutsi eta gehiengo sindikalaren proposamena baztertu zuen. Hala ere, sindikatuek azpimarratu zuten irailean negoziazioei berrekitea proposatu zutela: hilaren 8an, datorren asteko ostegunean, izango da lehenengo bilera, patronala agertzen bada. Aldarrikapenak KPIari lotutako soldatak, lanaldiaren jaitsiera eta behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea dira, besteak beste, langileen aldarrikapen nagusiak. ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk prezioen igoera orokorraren testuinguruan jarri zuten arreta, eta langileen erosteko ahalmenari eustearen garrantzia azpimarratu zuten. Beharginei dei egin zieten hitzarmena lortzeko antolatuko dituzten ekimenetan «parte hartu eta lagundu» dezaten. «Antolaketa eta borroka dira langile klaseak dituen tresnarik boteretsuenak, eta gure eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeko erabili behar ditugu», ondorioztatu zuten. MANOLos sindicatos esperan que la patronal est�� ��a la altura del momento hist��rico que vivimos tanto en el sector como en un nivel m��s global��: ��Est�� en su mano evitar otros tres d��as de huelga que paralicen el sector��.