GARA Euskal Herriko egunkaria
2022KO KONTXAKO BANDERA

Urdaibai eta Orio: amets guztietako xake-matea Disney Worldeko badian

Emakumezkoetan oriotarrak eta gizonezkoetan, sei urte geroago, bermeotarrak izan dira 2022ko Kontxako Banderako txapeldunak. Biek irabazi zuten aurreko igandean, eta biak gailendu ziren atzo bigarren jardunaldian, trapua etxera eramateko. Gorka Aranberri patroiak zazpigarrenez irabazi du titulua -sailkapen historikoan bigarren kokatu da-, eta Nadeth Agirrek hirugarrenez.

Nadeth Agirre Orioko patroia pozarren, eta Arraun Lagunakekoak, burumakur, estropada amaitu berritan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urdaibaik eta Oriok euren Ligetan egindako lan bikainari jarraipen eta amaiera bikaina eman zioten atzo Donostian, Kontxako Bandera irabazita. Bi traineruek lana biribildu zuten. Hori bai, bakoitzak bere eran egin zuen: Bermeok nagusitasuna erakutsiz eta Oriok Arraun Lagunakekin azken unera arte lehia mantenduz.

Protagonisten artean, aipatzekoa da Gorka Aranberri patroiak zazpigarren Kontxa irabazi zuela, eta sailkapen historikoan bigarren postuan ipini dela. Zarauztarrari «bertigo pixka bat» ematen diote datuok eta, aitortu zuenez, «inoiz baino okerragoa nengoen; urduri, lorik ezin eginda». Hala ere, hori seinale ona zela adierazi zuen: «Ume txiki bat bezala aritu naiz, asko disfrutatu dut estropada guztian eta lan bikaina egin dugu».

Atzokoan gizon hauek osatu zuten estropada: Yeray Cayon, Iker Portugues, Carlos Mañas, Jon Unanue, Ander Zabala, Iñaki Goikoetxea, Mikel Azkarate, Mikel Calleja, David Iglesias, Oscar Andres Medina, Alain Colunga, Iban Martinez eta Gentza Iraitz Zubiri.

Entrenatzaile lanetan, aldiz, Iker Zabalak bigarren Kontxa jarraian irabazi zuen talde ezberdinekin, iaz Santurtzirekin gailendu baitzen. Konparazio polit bat egin zuen atzo, amestekoa. «Ematen du ohituta nagoela baina, mutilei esan diedan bezala, hau Disney World dela dirudi, baina hau ez da bizitza normala. Ez da normala hainbeste gauza irabaztea, baina ondo aprobetxatu dugu, momentu onean gaude, mutilak oso indartsu daude».

Eta ez da gutxiagorako. Urdaibairen aurkari zuzena Hondarribia zen, 7,64 segundoko aldearekin, baina “Ama Guadalupekoa” atzean geratu zen segituan eta orduantxe gerra emateko gogoarekin agertu zen Donostiarra, 7,70 segundoko galera zuena aurreko igandetik. Etxeko ontziak sekulako lehen luzea egin zuen, laugarren kaletik hirugarrenera joz. Urdaibairi ez zitzaion gerretan sartzea komeni, eta bereak egiten jarraitu zuen.

“Torrekua II.a” ziaboga ematen lehena izan zen, baina maniobra horretan Urdaibai hobea izan zen eta bigarren luzean lidergoa berreskuratu zuen. Bermeoko arraunlariek gozatu ahal izan zuten azken metroetan, Kontxako badia barruan, lehenik beraien artean eta ondoren jarraitzaileekin merezita ospatzeko.

Ezin da Getariaren lana aipatu gabe utzi. Aurten Eusko Label Ligara igota, sekulako denboraldia egiten ari da, nahiz eta Kontxan sentsazioak hain onak ez diren izan.

Kontsolazioa: Orio azkarrena, baina Zierbena irabazle

Oriok lehia polita izan zuen Zierbena eta Kaikurekin. Bigarren luzean mirotzek berriro ere hartu zuten lidergoa eta Kaiku atzean pegatu zitzaion. Epaileak bandera horia atera zion Oriori eta Jose Luis Kortarenek erritmoa moteldu behar izan zuten bitartean, Zierbenak indarra hartu zuen, baina Borja Gomez patroiaren ontziak ezin izan zuen Orio gainditu eta hiru segundoko zigorra jasota, orduan bai, Zierbena izan zen txandako garailea. Ondarroak 11 segundo galdu zituen amaieran.

Orio, azken unera arte nagusi

2022ko denboraldia ez du erraz ahaztuko Oriok. Euskotren Ligan eta Gipuzkoako Txapelketan nagusitasunez txapeldun izan ostean, Kontxako beste bandera bat gehitu dio klubak bere palmaresari. 2,16 segundoko tarte estua zuten mirotzek Arraun Lagunakekiko, eta atzo azken unera arte gauzak zaildu zizkion ontzi donostiarrak, 14 ehunen soilik egonda bi ontzien artean. Hala, lana biribildu zuten oriotarrek eta merezitako garaile suertatu ziren beste behin ere kai ingurua eta Urgull mendia bete zituzten jarraitzaile ugarien aurrean.

Alde negatibo bat jartzearren, Euskadiko Txapelketak utzitako arantza izan daiteke, baina hortxe ere ikusten da Oriok egindako denboraldia bikaina izan dela.

Atzo, ohorezko txanda minutu batzuk beranduago hasi zen, lehen irteera saiakeran arazo teknikoengatik bandera gorria atera baitzuen epaileak. Irteera onean, Orio metroak hartzen joan zen pixkanaka. Arraun Lagunakek, ordea, 6 segundoko galera zuen ziabogan. Bigarren luzean, berriz, Arraun Lagunakek atzetik aurrera egin zuen sendo. Oriorekiko segundo batera jarri zen, urduritasuna mirotzei pasatu nahian,eta azken metroak oso parekatuak izan ziren. Oriotarren negar malkoak traineru gainean nabariak ziren. Azken egunetako eta orduetako urduritasun eta tentsio guztiak agerian geratu ziren. Nadeth Agirre patroiak hirugarren Kontxa eskuratu zuen eta bere mezua «kanpoan geratu diren taldeko neskei, eta Rafa eta Patxiri» eskaini zien. Izan ere, «denboraldi hasieran jende berriarekin nahastu ginen eta ordu asko pasatu behar izan ditugu uretan gure blokea egiten. Pila bat ikasi dugu, talde bezala asko hazi gara eta etorkizuna ere hemen dago».

Atzoko arraunlari talde txapelduna honakoek osatu zuten: June Aranbarri, Edith Uranga, Eider Barba, Amaia Arregi, Maialen Aizpuru, Oihane Iraola, Maria Victoria Piñeiro, Ane Arruti, Itxaso Azkonobieta, Marina Sofia Cosci, Tayde Gomez de Segura, Maddi Alkain eta Leyre Garate. Zorionak den-denei!