2022 IRA. 17 Okindegirik gabe geratu da Baiona Ttipia Pannecau kaleko Le Four a Bois okindegiak -geratzen zen bakarrak- ateak itxi berri ditu, eraikinak egitura arazoak dituela-eta. Auzoan gertatzen ari denaren adibide da, Merkataritza Bulegoaren ustez. Ikasturte hasiera honetan itxi ditu ateak Le Four a Bois-ek. (Guillaume FAUVEAU) MEDIABASK «Zorigaiztoko kasualitatea da. Egituran arazoak dituen eraikuntza bat daukagu eta hortxe dago okindegia». Hitz horiekin azaldu du Baionako Merkataritza Bulegoko presidente Yvan Garcia y Murientek Baiona Ttipiko azken okindegiaren itxiera: Le Four a Bois zuen izena eta Pannecau kalean zegoen. Ixte hau, bere hitzetan, auzoan gertatzen ari den aldaketaren adierazle ezin hobea da. «Baiona Ttipiko merkataritzaren topografiari erreparatuz gero, taberna eta kafetegi asko daudela ohartuko gara, gauez bakarrik zabaltzen direnak. Oso mugaturik gaude Baiona Ttipian. Udalak lokal bat duenean eta zozketarako deialdi bat egiten duenean bakarrik eragin dezakegu». Eta gauzak erraz ez izanagatik, Merkataritza Bulegoko presidentea baikor da, batik bat etorkizunari begira (Bonnat-Helleu museoko eta inguruko kaleetako lanak amaitzen direnerako): «Hirigunea betetzen ari da. Uste dugu badela tokia Baiona Ttipian okin batendako».