2022 IRA. 29 Euskaraldiaren hirugarren edizioan izena emateko epea ireki da Belarriprest edo ahobizi gisa Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartu nahi duten guztiek izena emateko aukera dute gaurtik aurrera. Herritarren hizkuntza ohituretan euskarak leku zabalagoa izatea helburu duen ekimena azaroaren 18an abiatuko da. Euskaraldiaren aurkezpena, atzo Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA DONOSTIA Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa eta dagoeneko ahobizi edo belarriprest gisa parte hartu nahi duten herritarrek izena emateko aukera dute. Horren karira, ekitaldia egin zuten atzo Bilboko Kafe Antzokian eta bertan elkartu ziren herrietako batzordeetako kideak, entitateetako arduradunak, euskalgintzako eta gizarte alorreko kideak eta erakundeetako ordezkariak. Euskaraldia hasi arte egongo da izena emateko aukera, eta aurreko urteetan izena eman zutenek parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko. Entitateei dagokienez (denda, elkarte, kirol talde, enpresa edo erakundeak), urriaren 31 arte izango dute ariguneak jakinarazteko epea. Antolatzaileen hitzetan, «beste behin ere, lortu nahi dugu herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan». Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak nabarmendu zuenez, «Euskal Herri osoa berraktibatzen ari dela ikusten ari gara. Itxaropentsu gaude, Euskaraldia indartsu datorrela eta aurten ere Euskal Herri osoan ariketa egingo duten milaka pertsona eta arigune prestatzen ari direla sumatzen baitugu». Horregatik, gizarte osoari eta erakundeei dei egin die ariketa sozial honetan parte har dezaten: «Euskaraldia, maila indibidualean nahiz kolektiboan, erabilera-dinamikak abiatzeko edo indartzeko aukera paregabea da». Bingen Zupiria Lakuako Hizkuntza Politika sailburuak ariguneen garrantzia nabarmendu zuen. «Ariguneen eragina handia da, arigunea osatzen duten partaideengan eragiteaz gain, entitatean euskararen erabileran urrats berriak egiteko abiapuntu izan daitezkeelako eta entitateetatik kanpora herritar multzo zabalagoetara heltzeko aukera ematen dutelako. Bultzada handiagoa eman behar diegu», esan zuen. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariaren aburuz, «elkarlana da Euskaraldiaren abiapuntua eta oinarria, eta honetan denok gara beharrezko eta dugu zeregina: Nafarroako Gobernua erakunde publiko gisa, Euskaltzaleen Topagunea gizarte zibil antolatu moduan, eta gero haien borondatez, eta gogotsu, animatzen diren tokiko erakundeak, era guztietako entitateak eta askotariko norbanakoak».