GARA Euskal Herriko egunkaria

Trenen berritze azkarra eskatu dute estatuaren ordezkaritzan Araban

Toki-entitateen ordezkariak estatuaren delegatuarekin bildu ondoren (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako toki erakundeetako hainbat alkate eta kontzeju-presidentek trenbide-azpiegituraren modernizazioa eta aldiriko tren zerbitzu publiko bat martxan jartzeko eskatu zioten Gobernu espainolaren ordezkariari atzo goizean.

Iratxe Maza, Andoingo kontzejuko lehendakaria; Iñigo Hernandez, Munaingo kontzejuko lehendakaria; Txelo Auzmendi, Asparreneko alkatea; Joseba Koldo Garitagoitia, Dulantziko alkatea; eta Pablo Ortiz de Latierro, Argantzongo alkatea bildu ziren Gasteizen.

Ordezkariak beraiekin beste bilera bat izateko konpromisoa hartu zuen, Madrileko arduradunekin hitz egin ondoren. «Espainiako Gobernuaren erantzun bat espero dugu, ordezkariak konpromiso hori hartu duela ulertu baitugu», adierazi zuen- Munaingo kontzejuko lehendakariak.

50 kontzeju eta udalerri baturik

Martxoan hasi zen ekimen honen ibilbidea. Momentu horretan, Arabako eta Nafarroako hainbat toki-erakundek «meatxatuta» sentitu ziren Abiadura Handiko Trenbide berria eraikiko zela jakin zutenean.

Gobernu espainiarrak 200.000 euroko aurrekontu-partida bat gorde zuen Adif-ek, estatuko trenbide-azpiegituren enpresa arduradunak, informazio-azterlan bat lizitatu zezan Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza ardatzeko azpiegiturak egokitzeko, «prestazio handiko trenen zirkulazioa eta trafiko mistoa (bidaiariak eta merkantzia) errazteko».

Egun Arabako eta Nafarroako 50 kontzejuk eta udalerrik ekimen honetara batzeko agiri bat sinatu dute, Estatuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari azterlana «ahalik eta lasterren» burutu dadin eskatzeko.

Ekainean Madrilen egon ziren eta bi gauza exijitu zituzten. Alde batetik, ikerketa hau aurrera eraman zezan eta, bestetik, Abiadura Handiko Trenbide-linea berri hori aukera onena dela frogatu arte, luzamendu bat egotea, zati berririk ez lizitatzeko eta Nafarroaren hegoaldean lanekin ez jarraitzeko.