GARA Euskal Herriko egunkaria

Aktibistek uste dute Euskal Herrian artikulazio ekologista falta dela

«Azken krisia. Gure Garaia!» lelopean, Ekotopaketak egingo dira Portugaleten. Ezinbestean ekologismoaren bueltan indarrak metatu behar direla uste dute aktibistek. «Artikulatzea falta da, mugimendua atomizatuta dago». Gazteen atxikimendu falta ere sumatzen dute.

Ekotopakeak aurkezteko ekainean Sestaon egindako agerraldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Tresna ekologista indartsu bat behar du Hego Euskal Herriak, eta horretarako antolatu dituzte Ekotopaketak. “Azken krisia. Gure Garaia!” lelopean gaur hasiko dira jardunaldiak eta igandera arte luzatuko dira Portugaleten, Sastraka gaztetxean. Ainhoa Intxaurrandieta, Gorka Laurnaga eta Josu Larrinaga NAIZ Irratiko “Gelditu Makinak” saioan izan ziren, topaketa hauen atarian.

Hirurak dira aktibista ekologistak. Eta hirurek badute diagnostiko bateratu bat: Euskal Herrian gaur egun ez dago artikulazio ekologistarik, ez dago muskulu eragile indartsurik. Ekologismoaren garaia da eta subjektu berri bat behar da.

«Ekologistei beti leporatu zaie apokaliptikoak izatea», adierazi zuen Josu Larrinagak. Baina, egiari zor, «iragarritako dena betetzen ari da» ohartarazi zuen.

«Horregatik, orain ekologismoaren garaia da. Bada mementoa gelditzen zaigun denbora erabiltzeko gauzak konpontzeko; gauzak okertzeko ez dago denborarik».

Beraz, krisi ekosozial larria bizi dugula eta erantzun beharra dagoela argi izanda egingo dira asteburuko Ekotopaketak, eta galdera zuzena egingo zaie parte hartzaile guztiei: behar du euskal jendarteak tresna berririk?

Feminismoak badu berea, langileek sindikatuak dituzte, baina ekologismoak ez duela tresna indartsurik ohartarazi dute. «Feminismoak lortu du artikulazio orokor bat eta lortzen du interpelatzea eta gai batzuk mahai gainean jartzea: gure helburua hori da», aurreratu zuen Intxaurrandietak.

Hain zuzen, kezka horrek bildu zituen hainbat lagun, eta hainbat batzar egin ostean, erabaki zuten Ekotopaketak antolatzea. «Euskal Herria berez oso ekologistatzat dugu, baina mugimendua atomizatuta dago; gaizki ulertuak eta haserreak egon dira eta horrek ez du laguntzen», aitortu zuen Intxaurrandietak. Zentzu horretan, «guk hori sortzeko» garaia dela adierazi zuen Laurnagak.

Zer behar da, beraz? Argi dute jendarte zabal eta askotariko bat behar dela, erantzuleak interpelatuko dituena, gobernuek erabaki zuzenak har ditzaten. «Guk guztiok ardura bat dugu horren aurrean mobilizatzeko», gehitu zuen Intxaurrandietak.

Baina ez da muskulu gabezia hori Ekotopaketa hauetan landuko den gai bakarra. Ekologismoaren hainbat ertzen inguruko eztabaidak ere izango baitira. Besteak beste, trantsizio ekologikoa hizpide hartuta, berriztagarrien inguruan hausnartuko dute.

Ekologismoaren eta feminismoaren arteko zubiez ere ariko dira. Energia, enplegua nahiz klima izango dira beste eztabaidagaietako batzuk, baita gazteak ere. Horri dagokionez, Ekotopaketen bultzatzaileek uste dute zailtasunak daudela gazteak ekologismoaren borrokara erakartzeko.