GARA Euskal Herriko egunkaria
LAU ETA ERDIKO TXAPELKETAREN AURKEZPENA

Zazpigarrenean atsedenik hartzeko asmorik ez du Jokin Altunak

Jainkoak hala egin omen zuen, zazpigarrenean atseden hartu, baina Jokin Altunak ez du horretarako asmorik eta faboritoen artean ekingo dio ostiralean Villabonan hasiko den 2022ko Lau eta Erdiko Txapelketari. Azkeneko sei ekitaldietan finalean egon da amezketarra; hiru txapel eskuratu ditu eta laugarrenaren bideari Gasteizen ekingo dio, lehena jokatu zuen frontoian.

Txapelketan parte hartuko duten 12 pilotariak, atzoko aurkezpenean. (Oscar MATXIN EDESA | FOKU)

Sei urte hauetan ia denetarik gertatu da; esaterako, lehen final gogoangarri hartan aurkari izan zuen Oinatz Bengoetxea dagoeneko ez dago profesionaletan; Ezkurdia eta Urrutikoetxea dira, amezketarrarekin, 2016ko hartatik errepikatzen duten bakarrak, baina mundu mailako pandemia batek ere ez du Jokin Altuna kaiolako finaletik atera. Aurten, agian, inoiz baino freskoago iritsiko da lehiaketara, udan ohi baino askoz partida gutxiago jokatuta, izandako arazo fisikoengatik, baina horren orekatua ikusten den aurtengo edizioan txapelaren bueltan ikusten dute amezketarra aurkari guztiek.

Zenbakiek ere tesi hori berresten dute. Aurtengoa parte hartuko duen zortzigarren ekitaldia izango da; hau da, debutekoan baino ez zen finaletik at geratu eta denera 32 partida jokatu ditu, 24 garaipen eta 8 porrot batuta. Hori guztia gutxi balitz, txapela irabazi duen azken bi denboraldietan bezala, rankingean urteko pilotari onenaren saria jaso berri ekingo dio lehiari. «Argia behintzat ez eta faboritoa naizen ere kantxan erakutsi beharko dut. Orain arte Lau eta Erdikoan gauzak ondo atera zaizkit, baina hau txapelketa berri bat da, pilotari bakoitza une desberdin batean helduko da eta oso txapelketa gogorra izango da. Helburua lehen partida izango da, ondo jokatzea eta lehen puntua ateratzea», azaldu zuen aurkezpenean.

Azken urteetako gorabeherak gaindituta, berrikuntza oso gutxirekin dator aurtengo Lau eta Erdikoa. Lehiaketa sistema bera da, final-laurdenetako ligaxkarekin, eta, izenei dagokienez, Dario errioxarra izango da txapelketako debutari bakarra. Azken hilabeteetan egindako hobekuntzaren saria hartuko du Ezkaraikoak, Victorren ordez sartu baita Aspek hautatutako seikotean eta, iaz kanporaketa aurreko batean lehiaketatik at geratu bazen, Iker Irribarria lehiaketatik at geratu izana izan daiteke Eibarkoen arteko beste nobedadea. 2016tik darama aramarrak kaiolan partidarik irabazi gabe; Jaunarena eta Victor gainditu zituen urte horretan, eta enpresak ez du oraingo honetan aukeratu.

Baikori dagokionez, larunbatean kanporaketa aurrekoa gainditu zuen Asier Agirrerena da berrikuntza nagusia. Iruindarrak 2018ko edizioan hartu zuen parte, aurreko urtean Promozioko txapela jantzi ostean; urriaren 15ean Leitzan bere azken partida jokatuko duen Oinatz Bengoetxearen lekua hartuko du Bilboko enpresakoen artean. Kanporaketa aurrekoan galduta, Joanes Bakaikoak, iazko Promozio mailako txapeldunak, ez du lekurik izango aurtengo lehen mailako kaiolan.

Finala, Bilbon

Gainerakoan, txapelketa berrikuntza handirik gabe dator, azken urteetako lehiaketa sistema bera erabiliko baita eta, araudian diotenez, ez da inolako atzerapenik onartuko. Bilbon egindako zozketaren ostean, Danel Elezkanok eta Iñaki Artolak zabalduko dute lehia, ostiral honetan Villabonan. Asteburuko lehen kanporaketei final-laurdenetako ligaxkak jarraituko die, finalerdiak azaroaren 6ko asteburuan jokatuko dira eta finala azaroaren 20rako dago iragarria, azken biak bezala Bizkaia pilotalekuan.