2022 AZA. 03 ANak espetxera bidali du berriz Aitor Esnaola, hirugarren gradua ezeztatuta Bezperan Mikel San Argimiro donostiarrak sufritu bazuen hirugarren graduaren ezeztatzea, atzo Aitor Esnaola legorretarra izan zen arrazoi beragatik berriz ere kartzelara itzuli behar izan zuena. Auzitegi Nazional espainolaren erabakia dago atzean, eta litekeena da azken kasuak ez izatea: beste zortzi helegite aurkezturik ditu Fiskaltzak. Mikel San Argimiroren espetxeratzea salatzeko, atzo Donostian egindako manifestazioa. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Ia urte erdi hirugarren graduan igaro ostean, bigarren graduan sailkatu eta, ondorioz, Aitor Esnaola Dorronsoro legorretarra espetxera bidali du berriz ere Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Auzitegi Nagusiak, Etxeratek atzo jakinarazi zuenez. Fiskaltzaren eskariz hartu zuen erabakia, aurreko kasuetan bezala: Unai Fano hernaniarra izan zen lehenengoa, iazko urrian, eta Mikel San Argimiro donostiarra izan da azkena -herenegun aditzera eman zenez-. Oso litekeena da San Argimirorena eta Esnaolarena azken kasuak ez izatea, kontuan hartuta zortzi helegite gehiago abiatu dituela Fiskaltzak, erakundeek -kartzeletako Tratamendu Batzordeen irizpideari segituz- onartutako hirugarren graduen aurka. Esnaolak maiatzean eskuratu zuen hirugarren gradua, Iñaki Bilbao Gaubeka, Gorka Martinez Ahedo eta Gorka Lupiañezekin batera, horretarako baldintzak betetzen zituelako, baina orain espetxera bueltan da. Martutenen kartzelatu dute, hirugarren gradua Tratamendu Batzordearen oniritziaz lortu zuen espetxe berean. Aurretik Sorian izan zuten preso, eta azken horretara Ocañatik eraman zuten. Hamaika urte egin ditu preso Aitor Esnaolak. Zigorraren erdia 2020. urtetik beteta duela zehaztu zuen Etxeratek. Bere espetxeratzea salatzeko Legorretan manifestazioa antolatu dute biharko, 19.00etan, herriko plazan. Manifestazioa Donostian Esnaolari bezala hirugarren gradua kendu dioten Mikel San Argimiroren kartzelatzea salatzeko, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Donostian, Sarek antolatuta, “Etxerako bidean oztoporik ez” lelopean. Ehunka lagunek parte hartu zuten. Mobilizazioa abiatu aurretik, Inaxio Oiartzabal Sareko ordezkariak hitza hartu eta gogorarazi zuen Donostiako Udalak adierazpena onartu zuela, joan den urriaren 21ean Xabier Atristain berriz espetxera bidali zutela-eta kezka agertzeko. San Argimiroren kasuan, hau ere donostiarra izaki, Udalak «erantzun bera» emango duela espero du euskal presoen eskubideen alde jarduten duen ekimenak, eta bai berak bai Esnaolak hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean egoteko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituztela nabarmendu zuen. Sarek bezalaxe, Etxeratek ere presoen «eskubide urraketa hauen aurrean haserrea» azaldu zuen. Lakua: «Eztabaidarik ez» Fiskaltza eta Auzitegi Nazional espainola euskal preso politikoen gradu progresio kasuetan egiten ari den horretan ez du «eztabaidarako tarterik» ikusten Lakuako Gobernuak. Zehazki, San Argimiroren kasuari buruz galdetu zioten atzo Bingen Zupiria eledunari, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, eta hirugarren graduaren proposamena Lakuak egin bazuen ere, «azken hitza epaitegiek» dutela nabarmendu zuen. Kartzeletako eskumena duela urtebete bere Gobernuaren esku geratu ostean, «atsekabez» ikusten du Zupiriak EPPK-ko kideen gaineko erabakiez «ia astero» hitz egitea. «Eusko Jaurlaritzak bere ekinbidea defendatzen du; hartu diren erabaki guztiak preso bakoitzari dagozkionak dira, ETAkoak izan edo ez izan. Erabili diren irizpideak, beti, teknikoak izan dira». Justizia errestauratiboaren alde ere mintzatu zen: «Preso dauden pertsonak gizarteratzeko lanabes egokia dela uste du Gobernu honek, eta profesionaltasunez egoera bakoitza aztertzen segituko du». JUECESAnte la suspensi��n de la Audiencia Nacional por el tercer grado de los miembros del EPPK, Bingen Zupiria, de Lakua, se��al�� que ��en ocasiones las decisiones de los jueces son favorables a los planteamientos del Gobierno Vasco, y en otras, de otro tipo��.