GARA Euskal Herriko egunkaria

Tubacexeko langilearen aurkako epaiketa gelditzeko eskatu dute

Astelehenean epaituko dute Aintzane Mendia Tubacexeko langilea, kaleratzeen aurkako protestengatik auzipetutakoa. Lankideek eta lan gatazka ezberdinetan inputatuak izan direnek prozesua bertan behera uzteko eskatu zuten atzo, Laudioko lantegiaren aurrean.

Mendia, erdian, Laudion eginiko agerraldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

Duela ia bi urte Tubacexeko zuzendaritzak planteatu zituen 129 kaleratzeen aurkako langileen mobilizazioengatik inputatu zuten Aintzane Mendia. Hamabost hilabeteko espetxe-zigor eskaerari egin beharko dio aurre astelehenean, Gasteizen izango duen epaiketan. Atzo, Laudioko lantegiaren aurrean prozesu judiziala salatu eta bertan behera utz dezatela eskatzeko agerraldia egin zuten lankideek eta Bizkaiko Metaleko, PCBko, Tubacexeko eta Petronorreko gatazkengatik inputaturiko beste behargin batzuek.

Borroka ezberdinetan izan diren inputazio horien helburua langileak «jazartzea, kriminalizatzea eta beldurtzea da» da, patronalari «aurre egiteari uko egin diezaiogun», salatu zuten.

Estrategia horretan, Lakuako Gobernuak agertu ohi duen jarrerari ere erreparatu zioten, erakutsi duen «lankidetza estua» salatuz. Testuinguru horretan kokatu zuten behin baino gehiagotan gertatutakoa: «Ertzaintza protesta legitimoak erreprimitzera bidali, ondoren autoak egiteko, gaur hemen salatzen ditugunak bezain ondorio larriekin».

«Enplegua eta norberaren eta lankide guztien lan-baldintzak baino ez ditugu defendatu», azpimarratu zuten lantegi ezberdinetako langileek. Argi esan zuten borroka dela langileek duten mekanismo bakarra inposizioari, prekaritateari eta pobreziari aurre egiteko, eta patronalaren aurrean negoziazioan presio gaitasun handiagoa izateko. Patronalak, berriz, «legeak eta gobernuak ditu bere alde».

Kaleratzeetatik irabazietara.

Tubacexeko langilearen kontra egingo den epaiketaren inguruko agertokia eta denborarekin agerian geratu den enpresaren «faltsukeria» jarri zituzten mahai gainean. Mendia datorren astelehenean epaitua izango den bitartean krisiaren aitzakiapean 129 kaleratze iragarri zituen zuzendaritzak 17 milioiko irabaziak iragarri berri dituela ekarri zuten gogora: «Tubacex gezurretan ari zela erakusten du horrek, eta larriena da gatazkan zehar Eusko Jaurlaritza eta erakundeak zuzendaritzaren alde jarri zirela, zuzendaritzaren argudioak beren eginez eta gatazka kriminalizatuz eta zapalduz».

Oroitu zuten Aintzane Mendiarena ez dela eskualdeko kasu bakarra, protestetan parte hartu zuten gazteek ere inputazio larriak izan baitituzte lanpostuen defentsan aritzeagatik, azken hori delitua ez dela gogoraraziz.

«Salaketek, isunek eta errepresioak ez dute lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka geldituko»; hori esanda, elkarretaratzera deitu zuten, azaroaren 7an Gasteizko Zigor Arloko 1 zenbakiko epaitegiaren aurrean, Mendiari elkartasuna adierazteko. Mobilizazioa 10.30ean izango da, “Aintzane zurekin gaude, borroka ez da delitua” lelopean.