GARA Euskal Herriko egunkaria

Idurre Eskisabelek hartuko du Paul Bilbaoren lekukoa Kontseiluko idazkari nagusi karguan

Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusi berria. (KONTSEILUA)

Idurre Eskisabel Larrañaga izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria. 12 urteko ibilbidearen ondoren, Paul Bilbao Sarria ordezkatuko du Kontseiluko ardura nagusian. Abenduaren 6an Durangon hartuko du kargu, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian. Eskisabel Beasainen jaio zen 1970ean. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna, ibilbide luzea du kazetaritzan. “Jakin”-eko eta Eskafandra bildumako editorea da, baita Lokatza podcasteko egileetako bat ere. Gasteizko Legebiltzarreko Euskararen Aholku Batzordeko kidea da. Eta, lanbidez, EHUko kazetaritza irakaslea.

Hizkuntzaren, kulturaren eta jendartearen gaineko ezagutza zabalak ditu, eta hurbilekoen esanetan, pertsona ireki, gertuko eta intelektualki zorrotza da.

«Ilusio eta erantzukizun handiz» hartuko du Kontseiluko ardura nagusia. «Euskalgintzak ekin dio askotariko eremuen arteko zubi lana egiteari, eta horretan sakontzen segitzeko» asmoa du.