GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal liburugintzaren ajeak

Durangoko Azokak hausnarketari irekitzen dion leihoa da Talaia. “Euskal liburugintza, bilakaera eta oraina” izenburupean mahaiaren bueltan bildu ziren Xabier Eizagirre Jakin-eko kidea, Iratxe Retolaza literatur kritikaria eta irakaslea eta Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko ordezkaria. Jakin-ek antolatu zuen saioa.

Ezkerreko orrian, Landako Guneko areto nagusiaren irudia. Orri honetan, Xabier Eizagirre, Iratxe Retolaza eta Hedoi Etxarte, atzo egindako mahai inguruan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urtero egiten du euskal liburugintzaren gaineko azterketa Jakin-ek.. Joan Mari Torrealdaik heldu zion 70eko hamarkadan proiektuari, euskarazko liburuak katalogatzeari eta horien azterketa egiteari. Pixkanaka liburuaren soziologiara pasatu zen, alegia, idazlearekin batera editorialak, merkatuak, tiradak kontuan hartzera, Xabier Eizagirrek gogoratu duenez. Zifra orokorrak eskainiz eman zion solasaldiari abiapua Eizagirrek. Euskal Herriko argitaratzaileen kopuruei erreparatu zien. Azken bost urteotako batez bestekoa 2.000-2.500 izenbururen artean egonkortuta dago. Jakin-eko kideak eskainitako datuen arabera, euskarazko liburu ekoizpenak 2008an jo zuen goia, 2.700 izenbururekin. Hamalau urte joan dira.

Argitalpenek landutako gaiei dagokienez desoreka nabaria da. «Hezkuntza sistemako testuliburuak eta haur gazte literaturako liburuak batuz gero ekoizpen osoaren %64 da -esan zuen Eizagirrek-. Eskola eremuaren barruan edo kanpoan ekoitzia, baina haur eta gazteei zuzenduta dago gehiengo zabala».

Datuok eragindako gogoetari lotu zitzaion ondoren. «80ko hamarkadatik aurrera euskara hezkuntzan sartu da, normalizazio prozesuarekin 40 urte daramatzagu, baina oraindik liburugintza ekoizpenaren bi herenak haur eta gazte literatura dira. Desproportzioa ikaragarria da. Espainian edo Frantzian proportzioak ez dira horiek. Gure hizkuntzaren egoera diglosikoa bete-betean islatzen du honek», adierazi zuen.

Iratxe Retolazak urteak daramatza euskal literatura aztertzen eta pentsamendu kritikoa jorratzen. Jakin-ek urteotan jorratutako bidea interesgarria iritzita, ikerketa lerroak aberasteko kontuan hartu beharreko beste ertz batzuk badirelakoan dago. «Haur eta gazte literaturan zenbat da haur eta zenbat da gazte?», bota zuen galdera, hasteko. Barakaldon egin den ikerketa batean galdetu zaie gazteei, eta garbia da erantzuna: euskara haurren hizkuntza da haientzat. Hala kontatu du. «Gaztaroa beste hizkuntzak eta kulturak da gazteentzat», azpimarratu zuen.

«Askotan ‘haur’ eta ‘gazte’ batera erabiltzen ditugu eta errealitate desitxuratua ematen dugu. Testu liburuak egoera diglosikoaren emaitza dira, baina argitaletxe batzuk bizirauteko izan duten bidea ere bada», adierazi du, beste hari muturra mahai gainera ekarriz.

«Aldaketa dator orain», bere esanetan. «Hezkuntza sisteman momentu honetan apustu izugarria egiten ari dira ordenagailuekin lan eginez, bana emango zaio ikasle bakoitzari. Aurrerantzean ze harreman izango dute liburuekin? Zer esana eta zer eskatua badugu kulturgintzatik».

Datu faltan

Orain arte euskal liburugintzaz egindako mapan datu gabezia ikusten du. «Batetik, egiletasuna, ‘liburua baduzu, egilea zara’. Ez dut uste hori elikatu behar dugunik. Horrez gain zerrendan ez dugu genero posiziotik azterketarik egin, sailen arabera. Aldaketa historikoak eman dira, helduen literaturan azken hamar urteotan emakume posizioa duten egileak %25-30 artean dira, baina gizarte diskurtsoetan ez da neurri hau islatzen».

Lurraldea? Nondik idazten dute? «Neurriaren nolakotasuna ere aztertu behar estrategiak pentsatzeko. Eta adinarekin gauza bera. 40 urtetik gorakoa da gaur egun sortzailea», jarraitu zuen.

Zirkulazio modua ere ez da kontuan hartzen zerrendan. Hala gogoratu zuen Retolazak. «Autoedizioa den, udalak emandako saria edo argitaletxea, halako aldagaietan ere pentsatu behar da. Bazterreko ahotsak dira zirkuiturik gabeko bideak hautatzen dituztenak -autoedizioa edo sariak-, erdigunean ez dauden ahotsak».

Nolakoak dira sarbideak, nola bihurtzen da zirriborroa liburu?, hurrengo galdera. «Zaila da zirkuitutik kanpo liburu proposamena egitea. Argitaletxe sarean lagunak izateak edo beka edo sariren bat eskuratzeak laguntzen dizu hor sartzen. Kazetaritzan aritzeak ere bai azken aldian, edo beste kultur adierazpide batean aritzeak. Ez dugu asmatu zirkuituak sortzen. Horregatik gazte gutxi dira idazleak», esan zuen.

Tiradaren gaiari ere heldu zion. «Zenbat liburu argitaratzen dira tirada bakoitzean? Oso aldakorra da. Batzuetan milaka ale dira, eta bestetan ehunka. Horren daturik ez dugu. Ez dakigu liburu jakin batetik zenbat ale bota diren. Eta oso zaila da ezezagutzatik nola funtzionatu beharko lukeen pentsatzea», adierazi zuen. «Nabarmena da: krisian gaude. Inertziak mantentzen dira eta hamalau urte dira ekoizpenak goia jo zuenetik», esanez hasi zuen Hedoi Etxartek bere jarduna. «Hizkuntzarekin ere gauza bera gertatzen da, nahiz modu diferentean».

Aldaketa nahia

«Urte luzetan pentsatu dugu aldaketa txikiekin iritsiko ginela norabait; errealitatea da ez garela iritsi ez hizkuntzaren erabilerari dagokionez, ez publiko berrietara iristeari dagokionez. Kapitalismoak arauak ditu, eta hizkuntzak Europan homologagarria izateko ezaugarriak bete behar ditu eta merkatua behar du. Azoka honetan stand gehien duten argitaletxeek testu liburuen bidez egin dute ekonomiaren parte handiena. Zenbat dira bakarrik euskaraz eta bakarrik liburuak saltzetik bizi direnak? Zero», bota zuen≠.

«Argitaletxe-kafetegiak, argitaletxe-dendak, argitaratzaile-banatzaileak dira denak. Eta askoz urrutiago ez gara iritsiko arau hauekin», bere ustez.

Itzulpengintzaren aldeko aldarria ere egin zuen. «Itzulpen lan baten aurkezpenaren berri emateko ia mesedea eskatu behar zaie kazetariei. Zer da euskal literatura?», galdetu zuen gero. «Bigarren Hezkuntzako ikasleei esaten ari zara: ‘euskara jakitea ondo dago, baina kulturara, zientziara eta pentsamendura hurbildu nahi baduzu, gaztelania da zure hizkuntza’. Hilkortasun tasa oso nabarmena dauka euskarak. Eta unibertsitate garaian areagotu egiten da hori», gaineratu zuen.