GARA Euskal Herriko egunkaria
BRETXA» MUSIKALAREN ESTREINALDIA

«Bretxa», 1813ko sarraskia eszenan jarriko duen musikala

Estreinakoz oholtzan ikusiko ditugu 1813. urteko Donostiako gertakari lazgarriak. «Bretxa» musikalean 150 pertsona taularatuko dira, Bergara Antzerki Musikala Elkartearen eskutik eta Oihan Vegaren zuzendaritzapean.

«Bretxa» musikalean Gipuzkoako hainbat herritako pertsonek parte hartu dute. (Andoni CANELLADA | FOKU)

1813. Josef Bonapartek gerra galdu du, eta frantses gudarostea penintsulatik erretiratzen ari da, Wellington jenerala buru duten indar aliatuek jazarrita. Hiritar askok euren etxetik ihes egin dute, baina Maritxu Altuna txokolategilea bere negozioa zaintzen geratu da Marina alabarekin batera. Erabaki hori larrutik ordainduko du armada aliatua hirian sartzean. Horixe da “Bretxa” ikuskizunaren abiapuntua. Donostiarrek 1813an sufritu zuten sarraskia eramango du agertoki gainera Bergara Antzerki Musikala Elkarteak bihartik igandera Victoria Eugenian.

Toti Martinez de Lezeak 2006an argitara emandako “La brecha” (Erein) liburua du oinarri ikuskizunak. «Burutik jota zaudete eta nire etxean eroak ongi etorriak dira», bota zien bergararren asmoen berri izan zuenean. Bidea luzea izan da eta behin baino gehiagotan gogoratu dira ekoizpenaren arduradunak esaldi hartaz.

Idazleak ez du sortze prozesuan parte hartu -«ez diogu utzi, gutaz fidatzeko esan genion», esan du irribarrez Oihan Vega zuzendariak- eta gidoia da irakurri duen bakarra. «Zoriondu egin gintuen; beraz, lasai geratu ginen. Liburuaren muina ez aldatzeko eskatu zigun eta bete dugu».

«Liburua irakurri duenak topatuko du hura ikuskizunean. Bi obsesio izan ditut, ez aldatzea liburuaren muina eta historikoki errealak diren gertaerak zuzen kontatzea», zehaztu du.

Eleberrian bezala, hiru emakumeren ahotsean ezagutuko ditugu bizipenak musikalean. «Horixe da nobelatik gehien gustatu zaiguna. Historia kontatu izan da gizonek gizonentzako idatzitako liburuetan eta gehienetan ikuspegi politikoa edo militarra kontuan izanda. Gutxitan idatzi da Historia herritarren ikuspuntutik eta are gutxiago emakumearen ikuspuntutik. Eta kasu honetan, beste guztietan bezala, emakumeak dira gerra gehien pairatzen dutenak. Gaur egun Siria, Palestina, Ukraina edo Sierra Leonan bezala. Duela 200 urte gauza bera gertatzen zen, are okerrago, emakumea bigarren mailan zegoelako», esan du Vegak.

«Nire familiaren erdia Donostiakoa da eta gutxi gorabehera badakizu zer gertatu zen, baina nobela irakurri arte ez dakizu ze dimentsio hartu zuen. Durangoko edo Gernikako bonbardaketak oso barneratuak ditugu euskaldunok, Donostiako sarraskia aparte bezala dago eta Historian bere tokia eman behar zaio; astakeria izugarria izan zen», azpimarratu du.

Motibazioa

Antzoki betean egingo dituzte emanaldiak eta hori bera nabarmentzekoa da, Vegaren esanetan: «Ez da egunero Victoria Eugenian antzezten, eta are gutxiago antzoki betean, profesionalek ere gutxitan esan dezakete antzokia goraino betea ikusi dutenik. Beraz, Victoria Eugenia bezalako antzoki ‘selektoan’ egitea berezia da. Bizitzan agian behin lortuko dugu antzokia betetzea; beraz, horixe da parte-hartzaileak gehien motibatu dituena. Egindako ahaleginak merezi du hor sortzen den giroa eta adrenalina bizitzen duzunean».

Estreinako aldia da gertakizun historiko lazgarri hori lengoaia eszenikoan ondu dena. Oihan Vega eta Valen Moñux arduratu dira libretoa idatzi eta zuzendaritza artistikoaz. Horrez gain, musika eta abestien letrak sortu ditu lehenak eta eszenografia eta dekoratuak sortu ditu bigarrenak. Txemi Etxebarrietak zuzenduko du orkestra eta Marije Ugaldek hartu du abeslarien eta abesbatzen zuzendaritza.

Ez da nolanahiko muntaia. Denera 150 pertsona igoko da agertoki gainera: 30 musikariz osatutako orkestra, helduen eta haurren abesbatzak, aktoreak, dantzariak, abeslariak... Amateurrak izanik, bidean erakutsi duten konpromisoa nabarmendu du. «Inplikazioa sekulakoa da eta agerian uzten du proiektuak daukan dimentsioa. Tartean bada musikari profesionalik ere, Euskadiko Orkestrako musikariak ditugu, baita aktore profesionalen bat ere. Oraingoan musu-truk arituko dira», kontatu du.

Ez da erraza izan dena koordinatzea. «Batetik, alderdi artistikoari eta kudeaketari lotua -aseguruak, autobusak, janaria, jantziteria...- eta, bestetik, alderdi humanoari dagokiona -ez du inork kobratzen eta asko zaindu behar da jendearen animoa», zehaztu du.

Bergarako Musika Eskolako kideekin batera herriko kantari eta musikariak arituko dira. Baita Donostiako Union Artesana, Tempo 22 Dantza Akademia, Donostia 31 Rekreazionista Elkartea, Donostia 31 Kultura Taldea, Lasarte-Oriako Lozet Rekreazionista eta Kultur Elkartea, Irungo Anaka Kofradia eta Zarauzko Monte Albertia Ile-apainketa eta Estetikako Goi Mailako Zentroa ere.

Lau urteko lana dago proiektuaren atzean. «Lan asko dago libretoa sortu eta musikatzen», esan du. Nola bihurtu narrazio luze bat antzerki-lan musikatu? «Nekezena liburuan kontatu zuena, gertakizunak, kondentsatzea izan da. Liburua bere horretan eginez gero, 27 orriko musika aterako litzateke, baina ikuskizun batek ezin du bi ordutik gora iraun. Fikziotik ere badu, baina historikoki errealak diren egitateak kontatzen ditu Totik. Liburuan ñabardura eta adjektibo guztiak ditu idazleak, baina nik hori dena segundo batean kontatu behar dizut. Gidoian etengabe mozten aritu naiz», argitu du.

Urtebete entseguetan

Urtebete eman dute entseguetan. Hasieran taldeka joan ziren egiten, eta entseguak ere arinagoak eta laburragoak ziren, baina azken hilabete eta erdian igande osoak eskaini dizkiote ikuskizunari. «Saiatu gara giro onean egiten, ordu asko izan dira-eta». Ikus-entzunezkotik ere badu ikuskizunak. Dokumental formatuko “pilulak” txertatu dituzte ikuskizunean zehar testuinguru politiko-sozialaren berri emanez. Aipatzekoa da Jose Javier Pi Chevrot arkitektoaren parte hartzea. «Egundoko zortea izan dugu, 1813ko Donostia irudikatu du 3Dko erreplika batean grafismo batzuekin lagunduta. Izugarria da lana eta doan utzi digu. Orain arte kaxoietan gordeta egon diren planoetan oinarritu da. Gaur egun ere Parisen daude eta Frantziako Armadak du jabetza. Lehenengo aldiz publikoak ikus ahal izango du XIX. mendeko Donostia hura! Bisualki inpaktua eragingo du; faszinantea da alderdi dokumentala ere».

Argiztapen diseinuari dagokionez, «derrotxe izugarria dugu. Ikuskizun potentea egin nahi izan dugu, argiztapen enpresa bat ere izan dugu; bat egiten du esku artean darabilgun proiektuarekin», esan du.