GARA Euskal Herriko egunkaria

Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteen elkarlana sustatuko duen programa aurkeztu dute

Gazteak Mugaz Gaindi programaren helburua izango da Ipar Euskal Herri, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko gazte talde batek elkar ezagutzea eta gai zehatzen inguruan elkarrekin lan egitea.

Marie Heguy-Urain, Joseba Bergaretxe eta Marie-Jeanne Dedout, atzoko aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eusko Ikaskuntzak, euroeskualdeak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formation-ek Gazteak Mugaz Gaindi proiektua sortu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko gazteen arteko harremanak sustatzea eta elkarrekin lan egiteko espazioak sortzea helburu duen egitasmoa. Atzo goizean aurkeztu zuten, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.

Euroeskualdea osatzen duten lurraldeen inguruko «aurreiritziak eta ulertezintasunak» gainditu eta mugaz gaindiko harremanak saretu nahi dituzte programa honen bitartez, horretarako espazioak erraztuz. Honen bidez, hainbat esparrutan «mugaz gaindiko harremanak egonkortu daitezen» nahi dute erakunde sustatzaileek, Joseba Bergaretxe Eusko Ikaskuntzako ordezkariak aurkezpenean aipatu zuenez.

«Garrantzitsua da gazteek diagnostiko konpartituak egin eta proiektuak diseinatzeko gaitasunak hartzea. Emaitza espero dugu izango dela gazteek harreman berriak sortzea eta gai zehatzetan ahulguneak identifikatzeko, proposamenak egiteko eta proiektu berriei bide emateko aukerak sortzea», zehaztu zuen.

Bost hitzordu, 30 gazte

Orotara, 18 eta 30 urte bitarteko 30 gaztek hartuko dute parte proiektuan, lurralde bakoitzeko (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) hamarrek. Jada amaituta dago hautaketa-prozesua, eta, antolatzaileen arabera, aukeratutako parte-hartzaileek ez dute profil zehatz bat; aitzitik, taldea askotarikoa izan dadila bilatu dute sustatzaileek. Badira, beraz, ikasleak eta lan-esparru desberdinetako profesionalak, bizi-esperientzia desberdinak izan dituztenak edo hizkuntza-profil desberdinetakoak. Hori dela-eta, elkarren arteko harremana errazteko «xuxurlarien» figurak garrantzia izango duela zehaztu zuten prentsaurrekoan; alegia, hizkuntzaren bat menperatzen ez dutenen momentuko itzulpena egingo dieten pertsonak. Euskara, gaztelera eta frantsesa menperatzen duten gazteek hartuko dute eginkizun honen ardura.

Profilen aniztasunarekin bilatzen dutena da, Bergaretxek azaldu zuenez, «mugaz gaindiko gizartearen adierazgarri» izango den emaitza «osoago» bat lortzea.

Bost hitzordutan garatuko da Gazteak Mugaz Gaindi proiektua. Ostiral honetan izango da lehenengoa, Iruñean, eta gazteek elkar ezagutzea nahiz elkarrekiko aurreiritzi eta estereotipoak gainditzea izango da lehen paradaren helburua. Otsailaren 24an Baionan elkartuko da taldea, hizkuntza eta kultura komunaren inguruan elkarrekin hausnartzeko. Martxoaren 23an gazteen ongizatearen inguruan arituko dira Beran, baita behar materialen inguruan ere (lana eta etxebizitza, adibidez). Apirilaren 4an Hendaian egingo duten hitzorduan, halaber, jasangarritasuna eta trantsizio ekologikoa izango dute hizpide. Eta Irunen bukatuko dute programa, maiatzaren 5ean. Bertan, egindako bidearen ondorioak eta emaitzak adostuko dituzte, ondoren publikoki aurkezteko.

Marie Heguy-Urain euroeskualdeko ordezkariak prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, programa honek aukera emango du «hobeki elkar ezagutuz hobeki elkarlanean aritzeko». «Euroeskualdea lurralde aberatsa da, aukeren lurraldea, eta helburua da gazteei erakustea lurralde bakar baterantz joateko aukerak daudela», gaineratu zuen.

«Besteengandik ikasteko»

Naroa Garbizu eta Eider Catediano nafarrek eta Teresa Mesple gipuzkoarrak, ikasleak denak, Gazteak Mugaz Gaindi egitasmoan parte hartuko dute eta Donostian egin den prentsaurrekoan izan dira. Azaldu dutenez, irakasle baten gomendioz eman zuten izena proiektuan parte hartzeko. «Lagun berriak egitea, kulturak partekatzea eta gai berrien inguruan gehiago ikastea» espero dutela aipatu zuten.

Aitortu zuten esperientzia «berria» izango dela beraientzat, gaur egun ez baitute harreman askorik, adibidez, Ipar Euskal Herriko gazteekin, baina «iritzi desberdinak» entzun eta «besteengandik ikasteko» gogoz direla esan zuten.