2023 OTS. 21 Irakasle postuen murrizketak salatzeko, protestak Zuberoan GARA MAULE Heldu den ikasturtean Urdiñarbeko eta Muskildiko bi eskoletan irakasle postuen murrizketak aurreikusten direla salatzeko blokeo ekintza burutu zuten atzo. Ikas Bi sare publikoko gurasoen elkarteak bultzaturiko protesta ekimen horren bidez haien kezka eta haserrea erakutsi zuten bertan bildutako irakasle, guraso eta hautetsiek, Bordeleko Hezkuntza Akademiak bi eskoletan postuak murriztea aurreikusten duelako. Ama eskola eta lehen mailako ikasleen gurasoen elkarteak salatu zuenez, frantses postu erdi bat eta euskarazko beste postu erdi bat desagertuko lirateke heldu den irailetik aitzina, nahiz eta haur gehiago matrikulatu diren aipaturiko ikastetxe publikoetan. Aurten 45 ikasle daude eta 2023-2024 ikasturte hasieran 56 izanen dira. Haien ikastetxe eta herrientzat ezinbestekoak diren baliabideak galdetzeko beldur blokeo bat egitea erabaki zuten atzo goizean. Modu horretan, Ikas-Bi sarean diren gurasoek joan zen otsailaren 11n egin zuten mobilizazioaren segida izan zen. Egun hartan 250 lagun irten ziren karrikara Urdiñarben, bi herrietako hautetsiek deiturik. Atzoko mobilizazioa ere jendetsua izan zen. 200dik gora bertaratu ziren, haien artean eskualdeko herrietako auzapezak, bai eta Nupes aliantzako Iñaki Echaniz diputatua ere. Irakasle postuen defentsa kanpaina martxan jarri duen elkarteak deia egin zuen, «sumindua» den herritar eta hautetsi orok mobilizazioekin bat egin dezan. Hurrengo hitzordua eman zuten, heldu den hilaren 27rako.