GARA Euskal Herriko egunkaria

Lakuak osasun publikoa «desegin» nahi duela salatu dute sindikatuek

Sindikatuek salatu zuten atzo Lakuako Osasun Sailak osasun publikoa «desegitearen aldeko apustua» egiten duela, 2023rako aurrekontua iazkoa baino 20 milioi txikiagoa baita. Protestak egin zituzten Osakidetzako zentroen aurrean.

Donostiako ospitaleko beharginek manifestazioa egin zuten atzo. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako langileek mobilizazioak egin zituzten atzo goizean eta eguerdian beraien lantokien aurrean, zerbitzu publikoaren zuzendaritzaren aldetik jasotzen dituzten «mespretxua» eta «inposizioak» gaitzesteko. «Nazkatuta gaude! Osakidetzaren kudeaketa negargarria kritikatzen dugu» idatzita zuen pankarta erakutsi zuten beharginek elkarretaratzeetan. Larunbaterako iragarrita dauden manifestazioen atariko protesta izan zen atzokoa.

Prentsa-ohar batean, Osakidetzako zuzendaritzari EAEko osasun langileak «mespretxatzea» leporatu zioten sindikatuek. Halaber, «erabat blokeatuta» jarraitzen duen Mahai Sektorialean zuzendaritza gauzatzen ari den «inposizio sistematikoa» salatu zuten beharginek. «Osakidetzak ez du erabakitzeko ahalmenik, eta Osasun Sailak ez du aintzat hartu sindikatuen aldarrikapenetako bakar bat ere», gaineratu zuten.

Gogorarazi zuten atzoko elkarretaratzeak datorren larunbatean EAEko hiru hiriburuetan osasun publikoa desegitearen aurka deitutako manifestazioen «atariko» direla. Eguerdiko 12.00etan abiatuko dira mobilizazioak, Bilbon Jesusen Bihotza plazatik, Donostian Bulebarretik eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazatik.

Iaz baino 20 milioi gutxiago

«Herritarrei eskaintzen zaien osasun-laguntza gero eta eskuragarriagoa eta kalitate eskasagokoa», kritikatu zuten sindikatuek. Zentralek lehen mailako arretaren gainkarga eta horrek dakarren atzerapena salatu zituzten, baita etengabeko arreta guneen (EAG) itxiera edo ordutegien murrizketa ere.

Agertu zutenez, «Larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta gehienez bi egunekoa plantan sartzeko; kanpo-kontsulta bat egiteko zain dauden pazienteen kopurua sei aldiz handitu da, proba diagnostiko baten zain dauden pertsonena bikoiztu egin da eta kirurgiako itxaron-zerrendak %36 handitu dira».

Elkarretaratzeetara deitu zuten sei sindikatuen iritziz, Lakuako Osasun Sailak «osasun publikoa desegitearen aldeko apustua egiten jarraitzen du», 2023ko ekitaldirako aurrekontua 2022koa baino hogei milioi euro txikiagoa baita, zentralek esandakoaren arabera. «Badirudi, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, 2023an iaz baino beharrizan txikiagoak daudela», kritikatu zuten.