GARA Euskal Herriko egunkaria
IKER IRRIBARRIAREN AGURRA

«Bizitzako erabakirik gogorrena izan da, baina badakit onena dela»

Abiadura, hitz batean laburtu beharko bagenu, horixe litzateke Iker Irribarriaren ibilbidea egokien laburtuko lukeen hitza; dena joan baita azkar, oso azkar, bere pilotakadak bezala, bere pilotari jardunean. 19 urterekin jantzi zuen Buruz Buruko lehen txapela, inork baino azkarrago, eta nahi baino azkarrago agur esan beharko du ere, eskuineko belaunak hala aginduta.

Iker Irribarria, agurra iragartzeko unean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gailurrera heltzen azkarrena izan zen bezalaxe, gerrikoa eskegitzen duen txapeldunik gazteena ere izango da aramarra. Azkenetako batzuei begiratuta, 47 urterekin esan zuen agur Julian Retegik, 42rekin Aimar Olaizolak, 37rekin Oinatz Bengoetxeak eta, ziurrenik beretzat gertuenekoa, Juan Martinez de Irujok, 34rekin, honi ere gorputzak, bihotzak bere kasuan, nahikoa zela aginduta.

Asteartean era desegoki batean jakin genuen albistea baieztatu zuen atzo Iker Irribarriak, etxekoen eta Aspeko kide guztien eta Baikoko beste pilotari askoren babesean; kontratua amaitzeaz batera pilota profesionala utziko duela, 2021eko martxoan eskuineko belaunean izan zuen ebakuntza amaitzeko, bere min eta oinazeekin, gai izan ez delako.

Hasieran bai, nabaritu zuen hobekuntzaren bat, baina berehala itzuli ziren berriro minak eta ezinegonak, eta normaltasunez entrenatu eta jokatu ezinak. «Saiatu naiz handik eta hemendik soluzioa topatzen, eta egiari zor, ez da batere erraza izan. Belaunaren espezialista eta mediku onenekin behin baino gehiagotan egon naiz, tartean Mikel Sanchezekin, eta denen gomendioa argia izan da». Kirol profesionala uzteko gomendioa egin diote denek.

Agurra Donostian

«Bizitzako erabakirik gogorrenetako bat» izan den arren, egokiena ere baden konbentzimendutik, «pilotari bizimoduaren pribilegioa» izateari uko egin beharko dio. Atano III.ean agurtzeko festibala antolatu du Aspek: Altuna-Martijak Irribarria-Zabaletaren aurka jokatuko dute. Ibilbide nahi baino motzagoari baina erabat trinko eta beteari amaiera emateko omenaldi bezala.

Erabakiak ezustean harrapatu gaitu denok, edo ia gehienok, azkenaldian kantxetan normaltasunez jokatzen ikusi baitugu. Esate baterako, larunbatean Binakako txapelketa partidan aritu zen Labriten, eta atzo bertan ere Tolosan jokatu zuen, itxuraz inolako minik gabe. Aramarrak ez zuen zehazki belaunean zer duen argitu nahi izan, baina aitortu zuen partidetan oinazea izaten duela: «Hori ekiditen saiatu gara, baina partida ondoko egunean inork ez nauzue ikusten. Hurrengo egunak zailak izaten dira. Gaur ere hemen nago, baina ondo kostata».

Kirolari profesional izateari erabat uzten dionean probatu beharko omen du eguneroko bizian ondoriorik utziko ote dion. Nolanahi ere, orain arte bezala, astean hiru edo lau egunetan ariketak egin beharko omen ditu belaun inguru hori indartu eta sendotzeko.

Espektatiben garratza

Erabakia hartzeko arrazoia erabat fisikoa izan da. «Belaunak erantzungo balu, saiatuko nintzen», baina psikologikoki ere sufritutakoa dela ez du ezkutatu nahi izan. «Gaztetatik, “arrakasta” deitzen diogun hori eskuratzeak egoera zailak jartzen dizkizu aurrean; askotan bizi behar izan dut espektatibak ez betetzearen garratza, prentsaren presioa; ez da beti erraza izan, baina presio eta barne arazoak sakon lantzeko aukera eta laguntza izan dut. Alderdi psikologikoa ere badu kirolak, sarritan gutxi ikusten dena, eta horretan lan egitearen emaitza ere bada erabaki hau», azaldu du pilotari aramarrak bere agurrean.

«Dugun lan honetaz gozatu behar dugu»

Iker Irribarriaren ezkerkada ikusgarriez harago -«14 urterekin pilota errebotean jartzen zuen»-, Altunak esan zuen, 26 urte baino ez dituela pilota utzi beharrak asko pentsarazi diela atzo Eibarren ziren kide eta adinkideei. Unai Laso, egungo txapeldunak, adibidez, oso argi zuen: «Babesa ematera etorri gara, txarretan egon behar delako alboan, onetan baino gehiago. Pena izugarria da, baina ondo pentsatuko zuen erabakia hartu aurretik. Osasuna da handiena. Halako gauzek egiten digutena da daukagun lan polit hau are gehiago baloratzea; Ikerrek esan duen bezala, pribilegiatu batzuk gara, eta egun bakoitzari balioa ematen ikasi behar dugu».

Antzera mintzatu zen Joseba Ezkurdia, Aspeko beteranoa eta bezperan Binakakotik at geratutako pilotaria: «Bukle horretan gaudenean ez gara ohartzen partida bakoitzean galdu edo irabazi dezakegula. Ikerrek esan bezala, pilotariarena oso bizi ederra da, une oso onak eta oso txarrak pasatzen ditugu, baina une bakoitza gozatzen jakin behar dugu. Pena izugarria da 26 urterekin utzi beharra. Urte asko zituen txapelen lehian aritzeko. Niretzat ohore bat izan da harekin jokatzea» J.O.