2023 OTS. 26 Aitor Bengoetxea Alkorta izendatu dute UEUko zuzendari berri Udako Euskal Unibertsitateak urteko batzar nagusia egin zuen atzo. Bertan, Aitor Bengoetxea Alkorta zuzenbidean doktoreak hartu zuen Kepa Sarasolaren lekukoa 50 urte bete dituen erakundea gidatzeko. Aitor Bengoetxea Alkorta donostiarra da UEUko zuzendari berria. (UEU) GARA DONOSTIA 2022an Udako Ikastaroen 50. urteurrena ospatzetik dator UEU. Hiru helburu nagusi jarri zizkioten data biribil horri: bost hamarkadetan egindako lana ospatzea; komunitatearen atxikimendua areagotzea; eta erreferentzialtasuna eta aitortza lortzea. Atzo egin zuten urteko batzar nagusian, zuzendaritzak bikain baloratu zuen urteurrena, eta aurrera begira dituzten erronkei aurre egiteko indarra bildu dutela adierazi zuen. Horrez gain, Aitor Bengoetxea Alkorta aukeratu zuten lemazain berri. Kepa Sarasolaren eskutik hartu zuen lekukoa. Orain arteko zuzendariak 2022ko balantzea egin zuen eta aipatu zuen Udako Euskal Unibertsitatearen erreferentzialtasuna areagotzeari begira elkarlan asko bideratu dituztela eta lan horrek fruituak eman dituela. Horietako bat UEU Euskal Ikerketa Sareko kide bihurtzea izan da. Bestetik, 50. Udako Ikastaroak bereziak izan direla esan zuen. «Hausnarketarako eta elkarlanerako topagune izan dira inoiz baino gehiago, eta bertatik jaso dugun uzta emankorra izan da». “Jakin” aldizkariak argitaratu duen Euskal Unibertsitateari buruzko ale monografikoa ere urrats kualitatiboa izan da. Interneteko ikastaroak Alor akademikoari dagokionez, Irakaskuntza Masterra sendotuz doa eta Humanitate Digitalen lerroan hainbat ekimen sustatzen dabiltza. Horrez gain, etengabeko formazio ikastaroetan pandemia aurreko egoerara bueltatu dira eta “ikastarONline” ibilbidea jarri dute martxan, UEUk urteetan online ikastaroak diseinatzeko pilatu duen esperientzia biltzen duen eskaintza. 2022an hamar liburu argitaratu zituen UEUk, tartean “Urratuen arrastoa”, “Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza” eta “Ekaiak badu garrantzia”. Sarasolak pozik esan zuenez, UEUren urteurreneko egitasmoan haren komunitateko mila kidek parte hartu dute: «UEUkide izateaz harro daudela esan dute bazkide askok, eta hori bada ospatzeko zerbait. Eskerrik asko guztioi!». Berak ere jaso zuen omenaldia; aginte-makila oparitu zioten UEUren alde egindako lan guztiagatik. Erronka berriak Batzar nagusian UEUk zuzendaritza berritu zuen. Aitor Bengoetxea Alkorta zuzendari berriaz gain, beste bi kide hautatu zituzten Xabier Landabidea eta Ines Castiellaren hutsuneak betetzeko: Arantza Aldezabal Roteta (Pasai Antxo, 1967) eta Maria Napal Fraile (Lizarra, 1983). Bengoetxeak aurtengo erronkak aipatu zituen. Besteak beste, GOI ikastegia bizialdi osoko ikaskuntzan euskaraz eta online erreferentzia zentro izateko lan egingo dute, eta ikerketa batzordea martxan jarriko dute, baita berdintasun plana ere. Jardunaldi espezializatuen antolakuntza sustatuko dute eta lurraldetasunari ere erreparatuko diote. Ipar Euskal Herrian udatik atera eta urte osorako plangintza oso bat eskaini nahi dute. «Herriak behar du UEU» 1967. urtean Donostian jaioa, Bengoetxea irakaslea da EHUn, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko arloan, 1991tik. Zuzenbidean doktorea da. UEUko zuzendaritzako kidea izan da eta orain, zuzendari izateko erronkari heldu dio. «Bizirik eta gogotsu» topatu du UEU. Adierazi zuenez, «ohorea» da ardura hori hartzea, erakundea «ilusionagarria eta komunitarioa» delako. Bera ere «gogotsu eta ilusioarekin lan egitera» dator, eta «ekarpena baliagarria izateko, belarriprest eta ahobizi» izango dela iragarri zuen. «Euskal Herriak, bere existentzia bera auzian egonda, behar du ikuspegi nazionala duen eta bere jardunean euskarak zentralitatea duen unibertsitatea», defendatu zuen. Berarentzat, Euskal Unibertsitatearen aldeko komunitateak bizirik mantentzen duen proiektua da UEU. 50 urte eta gero, euskal komunitate zientifikoa saretu eta trinkotzea ikusten du donostiarrak erronka nagusietako bat, komunitate horretako kide edo pertenentzia sentsazioa indartuz, aniztasunetik abiatuta. IGUALDADEste a��o se pondr�� en marcha un plan de igualdad. Se van a empezar a dar pasos para que el... sea m��s igualitario en tres ��mbitos: a nivel organizativo, estructural y en las actividades que se organicen.ORTZI-MUGANTienen a la Universidad Vasca en su horizonte. En el camino, la clave ser�� desarrollar el proyecto universitario vasco online.