2023 MAR. 13 PILOTA Epika, muturreraino eramanda Altuna eta Tolosa 12-4 aurreratu ziren lehen partida erdi zoragarria jokatuta, baina azkenerako anoetarrak pauso bat eman ezinda amaitu zuen, akituta, eta puntuak ihes egin zien ez sinisteko moduko amaieran, 867 pilotakadaren ondoren. Merezi bezala ospatu zuten garaipen epikoa Lasok eta Imazek. (Idoia ZABALETA | FOKU) Jon ORMAZABAL Epikoa, sinestezina, kaotikoa, akigarria... atzoko Ogetako partidari jar dakizkiokeen adjektibo guztien artean euskaraz «muturrekoa» izan daiteke erabil daitekeen egokienetako bat. Muturrekoa, azken ordu erdi luzean ia pausorik eman ez zuelako Xabi Tolosak; muturrekoa, Jokin Altunak biren aurka jokatu behar izan zuelako 16-14kotik aurrera; muturrekoa, orain arteko lehiarik luzeena izan zelako 105 minutu eta 867 pilotakadarekin, eta muturrekoak izan ziren ere lau pilotariek bizi behar izan zituztenak, gorabehera izugarriak izan zituen lehian. Izan ere, azken tantoetako agoniarekin ez oroitzea normala izan daitekeen arren, ezin da ahaztu Altuna-Tolosa 12-4 aurreratu zirela eta, errazena amore ematea zela zirudienean, Laso-Imazek agertutako fedeak ezinezko garaipen bat lortzera eraman zituela. Iazko txapeldunordeek herio batean amaitu dituzte azken bi asteetan jokatutako hil ala biziko partidak eta, kontraesankorra dirudien arren, muturrean bakea aurkitu dutela esan genezake, puntu bat baino gehiagorekin itzuli baitziren etxera Ogetatik. Gaur goizean lauren gorputzak giharretako min izugarriekin esnatuko baziren ere, Altuna-Tolosari bihotzak eta buruak ere ederki estutuko diete, ez baitirudi erraza azaltzen horren ondo bideratuta izan zuten partidak nola egin ahal izan zien ihes, baina pilota borobila da eta halako gauzak izaten ditu. Atzoko muturreko lehian, 12. tantoko atsedenaldiak zuritik beltzera, edo beltzetik zurira, aldatu zuen jokoaren gidoia. Hasieran Altuna eta Tolosak goitik behera dominatu zuten, baina ordura arte bi tanto segidan egiteko gai ez ziren Laso-Imazek 9 egin zituzten jarraian. Lehiak gorria zirudienean, Tolosaren arazo fisikoek lehia erabat zikindu zuten eta, amaiera ezin epikoagoan, Laso-Imazek bakea topatu zuten. AKITUTALau pilotariek amaitu zuten oso nekatua, baina 16-14tik aurrera, pauso bat eman ezin zuela aritu zen Tolosa, eta Jokin Altunak ia biren aurka jokatu behar izan zuen. Hala ere, garaipena eskuan izan zuten 20-21ekoan.