GARA Euskal Herriko egunkaria

Garuneko paralisia tratatzeko munduko lehen exoeskeleto pediatrikoa, Gipuzkoan

Proba pilotu baten testuinguruan, garuneko paralisia duten Gipuzkoako hamabost haur ari dira munduan sortu den lehen exoeskeleto pediatrikoa probatzen, tratamendu pertsonalizatuak aplikatuta. Zortzi urte behar izan dira ikertu, diseinatu eta ekoizteko.

Ume bat, exoeskeletoa erabiltzen, atzo, Aspacen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoan exoeskeleto pediatriko batekin, banaka diseinatutako tratamendua jasotzen hasi dira herrialdean lehenengo hamabost haur. Munduan dagoen horrelako lehen aparatua da, eta dagoeneko erabiltzen ari dira garun-paralisia eta antzeko mugimenduzko alterazioak dituzten umeekin. Goienetxe Aspace Gipuzkoak Donostian dituen instalazioetan egiten da terapia intentsiboa, Aita Menni eta Aspace Gipuzkoako profesionalen baterako lanari esker.

Exoeskeletoa Marsi Bionics enpresak egin eta Aita Mennik erosi du, Aspace Gipuzkoaren eta Gipuzkoako Aldundiaren lankidetzari esker.

Gipuzkoako Aldundiak atzo ohar bidez azaldu zuenez, iazko urrian hasi ziren terapia probatzeko saioak egiten. Zehazki, hamabost adingabeak hiru taldetan banatu dituzte. «Proba pilotu hau amaitutakoan, ondorioak atera eta baloratuko da tratamenduarekin jarraituko den eta haur gehiagori zabalduko zaien», erantsi zuten iturri berberek.

Exoeskeletoaren ezaugarriak direla eta, 4 eta 13 urte artean dituzten eta era autonomoan mugitu ezin duten adingabeek erabil dezakete. «Haur bakoitzari bere helburu pertsonala lortzen laguntzen dio tratamenduak, dela mugikortasuna hobetzea, dela oinez ibiltzea», adierazi du Markel Olano ahaldun nagusiak.

Gipuzkoako Foru Aldundia, Aita Menni eta Aspace Gipuzkoako arduradunak astelehenen honetan bildu dira Aspace Gipuzkoaren Donostiako egoitzan, egindako aurrerapenak hedabideekin partekatu eta lankidetza bide berriak aztertzeko.

Laguntza-programak 24 asteko iraupena du, eta 15 haurrek astean 4 saio egin dituzte 6 astez; azken taldeak oraindik ez du tratamendua amaitu. Aurreikusten da, gainera, datozen asteetan laugarren talde bat eratuko dela beste bost haurrekin eta, beraz, berrikuntza-proiektu hori 20 adingaberi aplikatuko zaie. Aspace Gipuzkoak azaldu duenez, familiek harrera «bikaina» egin diote ekimenari, haur bakoitzaren behar eta helburuetara egokitzen delako.

Helburu nagusia martxa berreskuratzea ez bada ere, badira bizi-baldintzak hobetzeko oso garrantzitsuak diren beste helburu batzuk: artikulazio-maila handitzea, muskulu-indarra hobetzea, goiko gorputz-adarretan funtzionaltasun handiagoa izatea, hala nola arnasketa-funtzioa hobetzea, interakzio soziala eta bizipen pertsonalak.

Zortzi urteko ikerketa

Atlas 2030 exoeskeleto pediatrikoa modu autonomoan ibili ezin duten haurrentzat diseinatu da bereziki. Munduko lehen exoeskeleto pediatrikoa da eta Marsi Bionics konpainiak merkaturatu du gailu elektromekaniko adimendun hau.

Zortzi urtez ikertu eta diseinatu ondoren, garatu ahal izan da exoeskeletoa eta 2022ko maiatzean CE zigilua lortu zuen, ospitaleetan eta errehabilitazio kliniketan erabili ahal izateko. Robota zortzi artikulazio aktibok osatzen dute, muskuluen funtzionamendua imitatzen dute eta haurrei eusten eta ibiltzen laguntzen diete.

Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendari kudeatzailea itxaropentsu agertu zen lortu daitezkeen emaitzekin. «Espero dugu proba pilotuan parte hartzen duten adingabeek bizi kalitatea eta espastikotasuna hobetuko dituztela exoeskeletoa erabilita, nerbio sistema zentralaren nahasmendu horrek mina eta giharrak gogortzea eragin eta mugikortasuna mugatzen baitu», nabarmendu zuen.

Gaineratu zuenez, proiektuarekin zehaztu nahi da exoeskeletoa erabiltzeak haurren eguneroko bizitzako jardueren prozesuan eta errehabilitazio-ekintzetan duen eragina, bizi kalitatearekin, osasunarekin, gizarteratzearekin eta profesionalen eta familien balorazioarekin lotutako aldagaiak neurtuta.