Alberto MATXAIN
OSASUN PUBLIKOAREN ALDEKO MANIFESTAZIOA IRUÑEAN

Sindikatuek osasun lege berri bat aldarrikatu dute Iruñean

Sindikatuek eta Nafarroako Osasun Plataformak manifestazioa egin zuten atzo herrialdeko hiriburuan. Amaieran, nafar Gobernuaren proposamen «zehaztugabeak» salatu eta profesionalen lan baldintzak eta osasun sistema publikoa babestu eta indartuko duen legea aldarrikatu zuten. Martxoaren 23an Osasunbidean greba deituta dago.

Manifestazioa, Golemetatik abiatzen.
Manifestazioa, Golemetatik abiatzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

LAB, SAE, UGT, ELA, CCOO eta Nafarroako Osasun Plataformak deituta, 1.200 pertsona bildu ziren atzo osasun publikoaren eta lan baldintza duinen defentsan. Manifestazioa Golemetan hasi zen eta Gaztelu plazan amaitu zen.

Abiatu baino lehen, intersindikaleko eta greba komiteko kide Iban Irisarrik (LAB) eta Begoña Ruizek (SAE) adierazpenak egin zituzten. Irisarrik adierazi zuenez, «soilik zerbitzu publikoen defentsatik eta lan baldintza duinekin lor daiteke kalitatezko asistentzia bat». Ruizen arabera, atzoko manifestazioa «Osasunbideko langile guztien lan baldintza duinen alde dauden sindikatuen batasunaren adierazpena» izan zen.

Era berean, Osasun Departamentuak intersindikalari kontraproposamen bat helarazi diola adierazi zuen, baina honek «oraindik ez du denborarik eduki proposamenari buruz hitz egiteko». 23an greba deitu dute sindikatuek eta Ruiz negoziatzeko eta denontzat onuragarriak izango diren akordioetara iristeko prest azaldu zen.

Eguraldi aldakorrak eta euriak ez zituzten animoak hoztu, eta hasieratik bukaerara osasun publikoaren, lan baldintza duinen eta grebaren aldeko aldarriak entzun ziren.

Osasun lege berri baten alde

Gaztelu plazan sindikatuetako bi ordezkarik adierazpena irakurri zuten. «Profesionalen egonkortasuna eta lan baldintza duinak» artatze ona emateko eta herritarrek duten beharra asetzeko «ezinbestekoak» direla adierazi zuten. Horren aurrean, Nafar Gobernuari «konkrezio gabeko antolakuntza neurriak» aurkeztea, egonkortasuna ez bermatzea eta, «gehiengo sindikala errespetatu gabe», «zenbait kolektibo pribilegiatuei soldata igoera garrantzitsua» eskaintzea egotzi zioten. Oinarrizko osasun arreta indartzea, profesionalen egonkortasuna eta lan baldintza duinak bermatzea, osasun mentala hobetzea, osasun etxeak jendearengandik hurbilago edukitzea eta pribatizazioak murriztuko dituen osasun lege berri bat exijitu zuten. Amaitzeko, Osasun Departamentuko langileak, eta herritarrak oro har, hilaren 23an deitutako greban eta mobilizazioetan parte hartzera adoretu zituzten.

Medikuen sindikatuak helburu korporatibistak zituen greba mugagabea deitu zuenean piztu zen gatazka, eta otsailaren 15ean Nafarroako administrazioan greba izan zen osasun publikoaren alde. Geroztik, zenbait mobilizazio egin dituzte osasun publikoaren eta arloko lan sektore guztien lan baldintzen defentsan.