Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk
IV. Kongresuari amaiera eman zion atzo Sortuk Ficoban. Zuzendaritza berritu du atxikimendu oso handiz (%96), Xabi Iraola koordinatzaile orokor izendatu du, eta egitekoa ere egokitu du, «Herri gogoa» ponentzian onartutakoaren bidetik. «Anbizioa» planteatu du Arkaitz Rodriguezek lekukoa pasatzeko unean eta belaunaldi berriei mintzatu zaie Iraola, 600 militante ingururen aurrean.

«Gure lan militantearen muinean gure herriaren askapen nazionala eta soziala eskuratzeko ardura dago. Hori gara, horretarako gara». Hitz horiekin laburbildu zuen Xabi Iraola Larraia koordinatzaile nagusi berriak Sorturen misioa, IV. Kongresuaren itxiera ekitaldian, Irungo Ficoban. 600 militante inguru bildu zituen hiru hilabetez luzatu den prozesuaren amaierak. Aurretik “Herri gogoa” ponentzia onartua zuten adostasun zabalez eta, ostegun eta ostiralean eginiko bozketan, Nazio Idazkaritza berriak ere atxikimendu ia erabatekoa jaso du: %96.
“Herri gogoa” ponentziaren ildotik, ortzi-muga beraren bidean alderdiaren funtzioa nolabait eraberritzen da: herri dinamiketan jarriko du indarra Sortuk eta Euskal Estatuaren oinarriak eraikitzeko erronkari ere heltzen dio. Aldi berean, EH Bildu eta EH Bairen aldeko apustua sendotuko du, horretarako alderdiko barne bizitza murriztuz. Horrekin guztiarekin, «nazio askapen mugimenduaren onena Euskal Herriaren zerbitzura jartzeko konpromiso berritua hartu du Sortuk», nabarmendu zuten.
Xabi Iraolak koordinatzaile orokor gisa egin zuen lehen hitzartzean hiru erronka nagusi zehaztu zituen: euskal proiektu nazionala eraberritzea; politikaren zentzu eraldatzailearekin birkonektatzea; eta Euskal Estatuaren oinarriak eraikitzea, «eremuz eremu estatu gisa pentsatuz eta arituz».
«EUSKAL HERRIAN POSIBLE DA»
Herria herritarrekin eraikitzea helburu izanik, eragileekin eskuz esku arituko direla ziurtatu zuen, «eskala handiko nazio bulkada bat» abiatzeko asmoz. Aldarrikapen eta jai kutsuko herri ekimen askotxo biltzen zuen bideoak eman zion hasiera ekitaldiari. Aurreko belaunaldiek egindakoa gogoan hartuta, berriei honako hau helarazi zien Iraolak: «Ez gaude gaur hemen beste askok ibili zituzten bide berak ibiltzeko. Gaur hemen gaude, honaino ekarri gaituen ibilkera presente, gure bide propioak ibiltzeko. Ezker abertzalearen proiektu politiko historikoaren sustraiak mantenduta, proiektu hori gaurkotzeko, eraberritzeko eta bide berriak irekitzeko».
Han eta hemen bilakaera politikoa ezaugarritzen duten zenbait konturi heldu zion Iraolak. Hori horrela, «kapitala ala bizitza» atakari erreparatuta («Josu Jon Imazek kapitala, guk bizitza»), arriskuak bakarrik ez, aukerak ere badirela nabarmendu zuen: «Orain eta hemen, jendarte sozialista baten ortzi-muga eskaini beharra dago: egungo sistema politiko-ekonomikoa errotik eraldatzeko, eta bizitza eta haren zaintza erdigunean jartzeko». Eta honakoa erantsi zuen: «Badira zumeak, badira bideak, eta badira aukerak. Hala ikusiko dugu, besteak beste, martxoaren 17ko greba orokorrean. Euskal Herrian posible da».
Autoritarismoaren aurrerakada bertan dela, gehiengo zabalak osatuz aurre egiteko beharra aipatu zuen Iraolak. «Konpromiso antifaxista berritu bat» planteatu zuen Euskal Herrian, mundu mailan «erreferentzia» izan daitekeela aurreikusiz.
Bide horretan «ezkerreko independentismoa higatzeko deskalifikaziorik, gezurrik eta mehatxurik» ez dela faltako ohartarazi zuen Iraolak, baina honela erantzun zien: «Ez gaituzte gure bidetik milimetro bakar bat ere mugituko».
ARKAITZ RODRIGUEZ, «POZIK»
Aurretik azken zortzi urteotan Sorturen koordinatzaile nagusia izan denaren hitzartzea entzun zuten bertaratukoek. Egindako bidearekin «pozik» doala aitortu zuen Rodriguezek, hainbat aurrerapauso nabarmenduz: ezker abertzalearen estrategia aldaketa egonkortu eta sakontzea; presoen eta, oro har, errepresaliatuen auzia desblokeatzea eta konponbidean jartzea; EH Bildu eta EH Bai zabal eta indartsuen eraikuntzari ekarpena egitea; burujabetzaren bidean jauzi baterako baldintzak sortzea… Alor horietan guztietan aurrera egin daitekeela uste du.
Arkaitz Rodriguezen hitzetan, erronka horiei ahalik eta eraginkorren ekiteko egin du Sortuk egokitzapen politiko eta organizatiboa, «efizienteak» izateko helburuarekin. Eta horrekin batera «anbizioa» aldarrikatu zuen irakurketa ezkorren aurrean, «ezer ez dagoelako idatzita».
Nazio Idazkaritza berria atera zen oholtzara gero, txalo artean. Iraolarekin batera, honako hauek osatzen dute: Nuria Altzugarai, Itsasne Fernandez, Oihane Agirre, Paul Laka, Oihana San Vicente, Maialen Kortabarria, Asier Zamorano, Maialen Arteaga, Txomin Poveda, Idoia Zengotitabengoa, David Pla, Haimar Altuna, Iker Araguas eta Elena Beloki.
Palestina, Venezuela, Kuba, Uruguai, Kolonbia, Kurdistan, Irlanda, Korsika, Katalunia eta Galiziako hainbat ordezkari politikok parte hartu zuten ekitaldian. Guztiak oholtzan zirela, adierazpen bat irakurri zuen Elena Beloki Sorturen Nazioarteko arduradunak, honetaz ohartaraziz: «Boterearen birbanaketa sakon bat gertatzen ari da. Ordena berri baten bila, tentsioa handitu eta indarkeria politiko eta ekonomikoa agertzen dira».
Horren aurrean honako hau proposatu zuen: «Lurraldeen eta jendearen burujabetza, bakearen aldarrian, herrien autodeterminazioan eta herrien arteko lankidetzan oinarrituta». “Internazionala” abestu zuten guztiek batera.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk
