2023 MAR. 21 plagioa The rolling stones-ek? «Living in a Ghost Town»-ek, Ingalaterrako talde mitikoak 2020an argitara eman zuen abestiak, bere bi kantu dituela oinarri salatu du kantautore argentinar batek. Jaggerri eta Richardsi kontu eske, auzitegietara jotzea erabaki du. Keith Richards, 2007an taldeak Donostiako Anoeta estadioan eman zuen kontzertuan. (Imanol OTEGI | FOKU) Angelslang taldeko letragileak, Sergio Garcia argentinarrak, The Rolling Stones taldeko Mick Jaggerren eta Keith Richardsen aurkako salaketa aurkeztu du, “Ultimate Classic Rock” hedabideak jakitera eman berri duenez. Garciaren esanetan, musika talde britainarrak kaleratutako azken kantua, 2020ko “Living in a Ghost Town”, plagioa da. Martxoaren 10ean New Orleanseko auzitegi batean agertu zen argentinarra, esanez The Rolling Stones bandako musikariek «baimenik gabe» hartu zituztela Angelslang taldearen “So Sorry” (2006) eta “Seed of God” (2007) abestietako zenbait elementu. Zehatzago esanda, «‘So Sorry’ kantuaren ahotsaren melodia, akordeen progresioa, bateriaren erritmoaren patroiak, harmonikaren zatia, baxu elektrikoaren zatia, tempoa eta bestelako elementu giltzarriak» erabili zituzten Jaggerrek eta Richardsek “Living in a Ghost Town” abestian. “Seed of God” kantutik, halaber, «akordeen progresioa eta harmonia» nahiz «melodia» plagiatu zutela dio salaketak. Garciak dio, gainera, demo bat eman ziola Jaggerren «hurbileko senide bati», eta, beraz, talde mitikoak bere musika lapurtu duela salatu du.