GARA Euskal Herriko egunkaria

Joakin Arregi bertsolari eta iheslari ohia hil da

Joakin Arregi Goenaga «Txe» bertsolari eta iheslari ohia zendu zen asteartean. Zizurkilen 1953an sortua, Venezuelan 25 urte igaro zituen erbesteraturik. Euskal Herrira itzulitakoan, Hendaian bizi izan zen.

«Txe», 2017ko BTNko Bastidako saioan. (BERTSOZALE.EUS)

Joakin Arregi Goenaga, Txe goitizenez ezaguna zen bertsolari eta iheslari ohia, Hendaian hil zen asteartean, gaixotasun baten ondorioz.

Bertsozale.eus atariak gogora ekarri zuenez, 1953an Zizurkilen jaio zen bertsolariaren lehen plaza Ordiziko sariketa izan zen; 1971. urtea zen eta oholtzan Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano, Joxe Migel Argiñarena, Jesus Arzallus, Pedro Mari Otano eta Zelaiarekin batera aritu zen Txe.

Bertso jartzaile bezala, eta baita epaile ere, hainbat txapelketatan jardun zuen zizurkildarrak.

«Gure epailea ere izan zen Txe. Bere eskuzabaltasunaren erakusgarri, beti izaten zuen hitz goxo eta aholku zorrotzen bat guretzat gordeta», idatzi zuen Aitor Servier bertsolariak Twitterren. Bertsularien Lagunak elkartean urte luzez lan eskerga egin zuen Jon Arregi Goenagak.

CARACASKO URTEAK

Pakito Arriaran fundazioak, alde batetik, eta Venezuelak Bilbon duen Kontsulatuak, bestetik, sare sozialen bidez hedatutako dolumin mezuetan nabarmendu zuten Caracasen iheslari eman zituen urteak bihotzean atxikitzen zituela Arregik, eta Hugo Chavez Komandantearen jarraitzaile sutsua zela.

Joakin Arregi Goenagabertsolariak 25 urte igaro zituen Venezuelan, eta Hendaiara itzuli zen gero. Hain zuzen, Lapurdiko herri honetako Balea Elkarteak Arregiren bertso bat zabaldu zuen sareetan. Hala dio: «Ordubetez ibili fite goizaldean/ bazkaria prestatzen gero sukaldean/ ta siesta egiten dut arratsaldean/ nere kasa nabil ni Hendaia aldean».

KAPERA ZABALIK

Bertsolari eta iheslari ohiaren aldeko hil kapera zabalik izanen da gaur, 15.00etatik 18.00etara, eta bihar, 09.00etatik 18.00etara Hendaiako beilatokian.