GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKAL TRIVIAL-AREN FINALA

egunean behin-en festak 110 zale bildu ditu donostian

Egunean Behin jokoaren azken denboraldian lehen 100 postuetan sailkatu zirenak elkarrekin aritu ziren Donostian, giro alaian. Atzo jakin genuen 11. denboraldiko irabazleak nor diren. Erik Gartzia (Txapusai) da irabazlea, Shanti Arrietak (Txantxi Dotore) egin du bigarren eta Aitor F. Martikorena suertatu da hirugarren.

Sakeleko pantailari adi partaideak, Miramongo Parke Teknologikoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Egunean Behin-en 11. denboraldiaren finala Donostian. 110 partaide nor baino nor, dagoeneko Euskal Herriko mugak zeharkatu dituen aplikazioaren amuari kosk eginda.

Final handien giroa usain daiteke Euskadiko Parke Teknologikoen Donostia campusean, Miramonen. Urduritasuna eta ilusioa, airean. Eta anfitrioia, Kike Amonarriz.

Kopuruak ez dira txantxetakoak. 200.000 lagunetik gora dira gutxienez behin jokatu dutenak. 35 milioi partida, denera. Aretoko pantaila handian zifrak erakutsi zituzten antolatzaileek. «Ikaragarria da, euskarazko kultur kontsumoan egitasmo gutxik lortu du kopuru hori... Barka, baina ludopatak zarete», bota du Amonarrizek, bertaratutakoen barre algaren artean. «Zoragarria da, baina ez da normala. Ea lortzen dugun neurri honetako erantzuna egitasmo gehiagok izatea», esan du.

Ekitaldi sozialetik ere badu Egunean Behin-ek. Aretoak erakutsi duen argazkia, horren lekuko. Geografia, historia, literatura... arloetako gaiak, denetarik egokitu zitzaizkien galderetan. Begiak, adi-adi, mugikorraren pantailari lotuta. «Ohikoan baino askoz zailagoak dira galderak», entzun da gure mahaian.

Erik Gartziak ere baietz dio buruarekin. Badaki zertaz ari den. Adikzioa duela aitortu digu. «Gustuko ditudan gauzetan buru-belarri sartzen naiz. Bi birramonak nafarrak izateak izan dezake zerikusia», dio irribarrez.

Iazko apirilean telebistako finalean garailea izan zen oreretarra. Bera da denboraldiko liderra. Baina gaur, zerotik hasi direnez, azken ahalegina egin beharra dauka. Saio batera, final handiak bezala.

23 SEGUNDO, MARKA

«Kontuz, badira 30 segundotan egiten dutenak. Maila horretako jendea daukazue ondoan», ohartarazi du Amonarrizek. Irribarre egin du Gartziak. «23 segundotan daukat errekorra», argitu digu berak. Txunditzekoa. Iristerako zizka-mizkak mahaian zain daude. «Patatarik ez dut jango, bestela atzamarrak irrist egingo dit pantailan», txantxa egin du.

Jokoa aurrera doa, eta dagoeneko ezagutarazi dituzte lehen hamar sailkatuen izenak. Agertokira igotzera gonbidatu ditu Amonarrizek. Xabier Mendiguren buruan doa, momentuz. Lagun batek gonbidatuta etorri da. Arratsaldea ondo joan zaio.

Amaieran gaude. «Zenbat uste duzu irabazi dituzula?», Amonarrizek. «Bederatzi», Gartziaren erantzuna. Zortzi asmatu dituztelakoan daude beste bizpahiru. Iritsi da irabazlearen izena jakiteko ordua: Erik Gartzia (Txapusai). Shanti Arrietak egin du bigarren (Txantxi Dotore) eta Aitor F. Martikorena suertatu da hirugarren. Txalo artean hartu dituzte hirurak, nahiz Gartzia beldur den txistu egingo ote dioten. «Aurretik ere irabazia dut eta... izena aldatu nuen badaezpada», aitortu dio oholtza gainean Amonarrizi.

65.000 KIDE

Egunean behin euskarari eta euskal kulturari lotutako galderak erantzuteko tarte bat hartzen dute milaka euskaldunek. Aurten 65.000 parte hartzaile aritu dira lehian. Zerk pizten die grina? «Euskaldunen kultura eta unibertsoarekin konektatzea eta eguneroko erronka txikia izatea, engantxatzen zaituena baina oso arinki, denbora gehiegirik lapurtu gabe, dira arrakastaren gakoak», Luistxo Fernandez, Codesyntax enpresaren eta lehiaketaren sortzaileetako baten esanetan. Lagunarteko, kuadrillako kideen arteko ‘pikea’ ezin ahaztu. «Astero aurren geratzen direnen kontra ezin da lehiatu, entziklopedista berezituak dira horiek. Baina milaka talde osatuta daude Euskal Herri osoan, eta tarteka lagunen aurrean ondo geratzea ez da hain zaila. Eta horrek ere badauka erakarpena», gaineratu du.

2019an Azpeitian elkartu ziren finalistak eta ordudanik, izurria tarteko, ez zen abagunerik izan. Telebistaz -30.000 lagun izan ziren pantaila begira- eta Youtuben bai, egin dira antzeko saioak, baita ikastetxeetan ere, baina zuzeneko bigarren finala izan zen atzokoa. «Grazia du aldi berean denok batera jokatzeak. Denboraldian zehar badira lehian ibiltzen direnak. Baina gaurkoa loteria da eta horrek badu bere emozioa», adierazi du.

Igandean agur esango du denboraldiak. Euskal zaleak hurrengoaren zain geratuko dira. Eta bitartean aplikazioa Europan hedatzen ari da. Galesen, esaterako, 7.000 jokalari batu ditu otsail bitartean. Eta Katalunian hirugarren astean dago, eguneroko 2.500 jokalarirekin.