2023 API. 05 JOPUNTUA Nekea pizgarri Maider EIZMENDI Kazetaria Kazetaritza ikasketak egiten ari nintzen, bigarren urtea amaitu berri eta, nire lanbidea izango zen horretara bertaratzeko ahaleginean, uda sasoian kazetaritzaz eta haren etorkizunaz hausnartzeko antolatutako ikastaro batean izena eman nuen. Miresten nituen sinadurak eta ahotsak zeuden hizlarien zerrendan, eta ordurako egina nuen lanbidearen irudi idealizatua aberastu eta handituko zuten esperantza neukan. Ez zen horrela izan; hitza hartu zuten kazetari gehienek lanbidearen miseriak eta nekeak kontatu zizkiguten. Ez dakit, agian huraxe zen ikastaroaren helburua, erraza ez izanagatik, lanbidean jarraitzen zuten pertsonen adibideak jartzea, baina amaitutakoan entzun nituenak entzuteko pagatzeak merezi ote zuen pentsatu nuen. Gerora, eurek emandako albisteekin argitzen jarraitu zuten egunek. Pasatu den astean, bederatzigarrenez egin ziren emakumeak eta komunikabideak ardatz hartzen dituen Emakom jardunaldiak. Bertaratutako gehienek, gradu eta doktoretza ikasleak asko, urrun sentitu zuten akaso jorratutako gaia, kazetaritzaren baitan amatasunak eta kontziliazioak sortu ditzakeen gatazken bueltan osatu delako aurtengo edizioa. Lanbidean ari diren profesionalen bizipen eta ahotsak entzuteko aukera izan zuten baina. Sortu zaizkien eta bizitu dituzten gatazkez, zailtasunez eta kontraesanez mintzatu ziren bai, baina haiei aurre egiteko grinaz eta lanbidearen edertasunaz ere aritu ziren, eguneroko jardunean edukiekin eta jarrerarekin egiten dituzten iraultza txikiez. Sarri gaia ahotan hartuagatik, kazetaritza ez dago, noski, emakumeei eta gizonei egozten zaizkien genero aginduen eraginetik kanpo; baina ederrak asko dira lanbidean, eta ederrena gizartean eragiteko eskaintzen duen aukera da. Gaiak, iturriak, ikuspuntuak eta hautatutako hitzak, guztiak jarri daitezke mezuaren mesedetan edo kontran; aukeraketa horretan, noski, grina, kontzientzia eta asmoa ezinbestekoak dira, baina zailtasun eta kontraesanak ere ikasteko eta eragiteko akuilu izan daitezke, begiradak eta ahotsak pizteko. El periodismo no es ajeno a la influencia de los mandatos de género que se atribuyen a mujeres y hombres; pero los bellos son muchos en la profesión