GARA Euskal Herriko egunkaria

NDFk %3ko hazkundea aurreikusten du, 90eko hamarkadatik hona baxuena

Kristalina Georgieva NDFko zuzendariak uste du AEBek eta Europak behera egiten duten bitartean, Txinak eta Indiak gora egingo dutela. Ekonomia gehienen hazkunde tasak behera egingo dute, eta igoera indartzen ari diren ekonomiei esker izango da hazkundea.

Kristalina Georgieva, Davosen, urtarrilean. (Michael CALABRO | E. PRESS)

Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendariak iragarri zuenez, urte zailak izango dira ekonomia globalean, %3 inguru soilik haziko baita datozen bost urteetan, 90eko hamarkadatik izan den kopururik txikiena.

«Horrek zailago egingo du pobrezia murriztea, krisiaren zaurien ekonomia sendatzea eta guztiontzat aukera berri eta hobeak ematea», esan zuen Georgievak Washingtonen hitzaldi batean.

2023an ekonomien %90ek behera egingo dute hazkunde tasan. Azken urteak «muino handi bat bestearen atzetik eskalatzea bezalakoak» izan direla esan du: covid, Ukrainako gerra eta inflazio handia.

«Orain arte erakutsi dugu eskalatzaile erresistenteak garela. Baina aurretik dugun bidea, latza eta nahasia da, eta lotuta mantentzen gaituzten sokak ahulagoak izan daitezke orain duela urte batzuk baino», adierazi zuen.

Georgievak esan zuen «desberdintasun nabarmenak» daudela herrialdeen artean. Horrela, indarra hartzen ari diren ekonomietatik etorriko da hazkundea, eta zentzu horretan «Asia bereziki puntu distiratsua da. Indiak eta Txinak 2023an munduko hazkundearen erdia bere gain hartzea espero da», zehaztu zuen.

«Baina beste herrialde batzuek igoera malkartsuago bati aurre egin behar diote. Jarduera ekonomikoa moteltzen ari da Estatu Batuetan eta eurogunean, non interes tasa altuak dauden», azaldu zuen.

Silicon Valley eta Signature banku estatubatuarren beherakadaren ondoren azkenengo asteetan bizi izan den bankuen krisia ere hizpide izan zuen Georgievak Washingtoneko hitzaurrean, eta «2008ko munduko finantza krisiaz geroztik bankuen sektoreak bide luzea» egin duela frogatu dela adierazi zuen.