2023 API. 28 Etxez etxe saltzeko, hitzordua adostu beharko da kontsumitzaileekin Gasteizko Legebiltzarrean Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege berria onartu zuten atzo, EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs alderdien babesarekin. Besteak beste, arau berriek etxez etxeko salmentarako hitzordua aurretiaz adostera derrigortuko dituzte enpresak. Javier Hurtado Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. (IREKIA) GARA BILBO Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege berria onartu zuten atzo Gasteizko Parlamentuan. Javier Hurtado Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak azaldu zuenez, erabiltzaile ahulenen eskubideak indartuko ditu, salmenta oldarkorren aurkako babesa areagotuko du eta Kontsumobideri baimena emango dio enpresei bidegabe kobratutakoa itzul dezatela eskatzeko. Halaber, etxez etxe jarduera komertzialak burutu ahal izateko aurretiaz hitzordua jarri beharko dute enpresek. EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs alderdien babesarekin onartu dute araua. EH Bilduk eta Voxek aurka bozkatu zuten. EH Bildu kontra agertu zen, Itxaso Etxebarriak azaldu duenez, legeak erabiltzaileen eskubide batzuk hobetzen baditu ere, modu eskasean eta «garrantzi gutxirekin» egiten duelako, eta «babes eta berme gehiago» eskatu ditu; besteak beste, ikuskatzaile gehiago izatea. Atzo onartutako arauak 2003tik indarrean dagoena ordezkatuko du, eta aurrekoak arautzen ez zituen arlo batzuk ere jasoko ditu; izan ere, ordutik kontsumo arloko eskubideak eta saltzeko ohiturak eta moduak nabarmen aldatu dira. Europar Batasunean aplikatutako azken araudietara ere egokitzen da. Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak azaldu zuen araua Ganberaren osoko bilkuran, eta nabarmendu zuen legea «modernoa, aitzindaria eta aurreratuenetakoa» dela, kontsumitzaileen eskubideak gehiago babesten dituela, batik bat, kalteberenak, eta , bestetik, Kontsumobideren eta bitartekaritza eta arbitraje zerbitzuen zeregina indartzen duela. LEGEAREN XEHETASUNAK Etxez etxeko salmentak egiteko, batez ere adinekoei eragiten dien praktika izanik, aldez aurretik 48 orduko baimena eman ondoren hitzartu beharko dira hitzorduak, eta enpresaren eta saldu nahi den produktuaren datuak eman beharko dira, baita bisita egingo duen pertsonaren datuak ere. Legez kontrakotzat joko dira kontsumitzaileek aukeratzeko duten askatasuna muga dezaketen merkataritza jardunbide oldarkorrak, hertsapena, jazarpena edo eragin bidegabea edo neurrigabea erabiltzea, bezeroak erakartzeko eta produktua merkaturatzeko, telefonoaren, bitarteko telematikoen, etxez etxeko bisiten edo beste edozein bitartekoren bidez. Lege berriak Kontsumobideri ahalbidetuko dio enpresei eskatzea kontsumitzaileei bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzeko, baita eragindako kalte-galerengatik kalte-ordainak eman behar izatea ere. Legeak zehapenen zenbatekoak arautzen ditu, larritasunaren arabera: 150 eurotik milioi bat eurora bitartekoak. Era berean, ikuskatzaileei baimena emango die beren burua ez identifikatzeko, beren jardueraren helburua zapuztu baitaiteke. PREZIOAK ARGIKontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren legea indarrean sartutakoan, kontsumitzaileek prezioak «argi eta garbi» ikusteko eskubidea izango dute, eta aplikatutako zergak eta errekarguak edo deskontuak barne hartu beharko dituzte, baita erakusleihoetan dauden produktuei dagokienez ere. IRAUNKORTASUNAKontsumobidek bidezko merkataritzako, merkataritza iraunkorreko, hurbileko eta sasoiko ondasunen kontsumoa sustatu beharko du, baita material plastikoen eta erabilera bakarreko beste ontzi batzuen inpaktua murrizten laguntzen dutenena ere.