2023 MAI. 09 Euskara nafar guztiona dela nabarmenduko du Sorionekuak ekimenak ekainaren 10ean Sorionekuak dinamikako kideak, Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU) Martxelo DIAZ IRUÑEA Euskara nafar guztien ondarea dela nabarmenduko du Sorionekuak ekimenak datorren ekainaren 10ean Iruñean antolatu duen jardunaldian. «Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu», adierazi zuten atzo prentsaurrekoan. Ane Eslavak, Reyes Ilintxetak, Haizea Lizarbek eta Ibai Sueskunek azaldu zutenez, ekimen hau urtarrilean jaio zenetik «hazten eta zabaltzen» ari da. «Euskararen aldeko alea jarri dute hamarnaka eta hamarnaka herritarrek, Nafarroa osoko lagunek, haien herri eta zonaldeetan. Argazki herritarrak antolatu, materiala saldu, koreografia prestatu, kanta egin, dantzak, txangoak, aurkezpenak eta abar luze bat», adierazi zuten. «Manifestuan esaten dugun bezala, guk ez dugu euskara kezkarekin lotu nahi. Telebista piztu eta, konturatu gabe, gure burua euskaraz gozatzen harrapatu nahi dugu. Ez dugu ahaleginarekin bakarrik lotu nahi. Erosketak egitera joan eta kezkarik, beldurrik eta lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin. Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, zorioneko izan», nabarmendu zuten. Horregatik, egun berezia antolatu dute ekainaren 10erako Iruñean. «Hemen, Iruñean, Nafarroako bihotzean, euskararen etorkizunari festa giroan ongietorri erraldoia emango diogu. Egun horretan euskararen aldeko taupada indartsua sentitzea nahi dugu Nafarroaren erdi-erdian. Irulegiko eskuaren aurkikuntzak zerbait erakutsi badigu, hori izan da: Nafarroa da euskararen lurraldea. Euskara ez da inondik heldu, hemen zen eta izanen da». «Ostiralean aurkeztu genuen abestian esaten den bezala, ‘Ez al da arraroa zorionik gabe Nafarroa?’. Euskara historia luzea duen hizkuntza da, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena». Nafarroa osoko herritar, herri, zonalde eta eragileei dei egin zieten haien herrietako jai, ohitura, ekimen eta kultur egitasmoak egun horretan Iruñera ekartzeko: herriko zapia, txaranga, mozorro, jantzi bereizgarri, kultur talde, aldarri eta abar. «Bihur dezagun Iruñea euskararen aldeko koloretako eztanda, ospakizun erraldoia, festen festa».