GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruñeko hotelek «aurreikuspen bikaina» egin dute San Fermin jaietarako


Iruñeko Hotelen Elkarteak, sanferminak hasteko hiru aste falta diren honetan, «okupazioaren aurreikuspen bikaina» egin du egun guztietarako. Hotelen okupazioa %90ekoa da lehenengo bi egunetan, uztailaren 6an eta 7an.

Iruñeko erdigunean eta eskualde osoan dauden 26 hotelek osatzen dute Hotelen Elkartea, eta guztira 1.800 logela eta 3.000 ohe dituzte.

Ohar baten bidez azaldu dute %90eko okupazioa aurreikusten dela uztailaren 6an eta 7an, %83,75eko batez bestekoa 6tik 9ra bitartean, eta %73ra jaitsiko omen da uztailaren 10etik 14ra.

ERDIGUNEA NAHIZ PERIFERIA BETETA

Erdigunean kokatutako hotelek %80ko batez besteko okupazioa aurreikusten dute uztailaren 6tik 14ra, eta %85 egun jendetsuenetan, uztailaren 6tik 9ra bitartean, alegia.

Bestalde, eskualdeko hotelek %70eko okupazioa aurreikusten dute uztailaren 6tik 14ra, jaietako lehen egunetan %81eko igoerarekin.

Eremu periferikoetan kokatutako hotelek %70eko okupazioa aurreikusten dute guztira, eta jaietako lehen egunetan %81eko igoera izango delakoan daude.

BIDAIARIEN JATORRIA

Bezeroen jatorriak San Fermin jaien nazioarteko erakargarritasuna islatzen du. Txostenak jasotzen dituen datuen arabera, oreka dago Espainia mailako bidaiarien (%49) eta Estatu espainoletik kanpokoak direnen (%51) artean.

Azken kasu horretan, batez ere AEBetatik, Estatu frantsesetik, Alemaniatik, Mexikotik, Italiatik eta Irlandatik datozen bidaiariak dira hurrengo hilean Iruñea bisitatuko dutenak.