2023 EKA. 21 Elikagaiak eta zaurgarrien laneratzea uztartuko dituen proiektua sortu da Hernanin sortu berri den Bertatik proiektu gastronomikoak hiru zerbitzu eskainiko ditu nagusiki: tuper-en etxez etxeko banaketa, elikagaien eraldatzea eta jangela nahiz bestelako sukaldeen kudeaketa. Hori guztia bi alde uztartuta egingo du: bertako elikagaiak eta pertsona zaurgarrien laneratzea. Bertatik gizarteratze eta laneratze enpresaren aurkezpen ekitaldiko irudia, mahai bete janarekin. (FOKU) GARA HERNANI Bertatik enpresak bere bidea hasi zuen atzo Hernanin, proiektuaren aurkezpen publikoarekin batera. Bertako elikagaiak eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen laneratzea uztartuko ditu egitasmo berritzaile honek. Zabalduz kooperatiba sozialaren eta Fede Pacha & Co. enpresaren lankidetzatik sortu da Gipuzkoako herrian konpainia berria, eta enpresako arduradunek aurkezpen ekitaldi jendetsuan esplikatu zutenez, proiektuak bi helburu nagusi ditu. Batetik, bazterketa-egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztu nahi dute, Gipuzkoan gizarte bazterketa egoeran dauden pertsona asko daudela atzemanda. «Enpresa proiektu honen bidez, pertsona horien inklusio soziolaborala erraztuko da, pertsonak formatuz eta sektoreko profesional bilakatuz», agertu zuten. Bestetik, lurraldeko elikadura jasangarria eta subiranoa sustatzea dute helburu, «tokian tokiko ekoizleen eta elikagaien alde eginez». Horrela, janari «goxo eta erakargarriak kozinatzeaz harago», tokiko eta garaiko janari «jasangarri eta osasuntsuak» ekoitziko dituzte, «gizartearentzat, ekoizleentzat eta planetarentzat bidezkoak direnak». Horrela laburbildu zuten egitasmoaren izaera proiektuko kideek: «Garaiko eta tokiko elikagai osasuntsuak oinarri izango dituen egitasmo gastronomikoa da Bertatik. Bertako elikagaiak Gipuzkoako etxe, enpresa edota jantokietako mahaietan gero eta presenteago egotea du helburu. Baina ez hori bakarrik. Gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea erraztuko du». Hernanin egindako aurkezpenean, bertako produktuen aukera zabala eskaini zioten enpresaren pabiloira hurbildu zen jendeari. Besteak beste, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatua eta Jose Luis Mayoz Lanbideko lurralde-bulegoko arduraduna izan ziren ekitaldian, baita beste elkarte batzuetako ordezkariak ere: Kutxa Fundaziokoak, Beterri-Buruntza eskualdeko politikari eta teknikariak, hirugarren sektoreko entitateetako ordezkariak eta Gizatea-ko kideak. Proiektuko kideek prestatutako mokaduak probatzeko aukera izan zen ekitaldian. TUPERRA, ETXERA EDO LANERA Hiru zerbitzu eskainiko ditu enpresak: “Bertako tuper” izeneko ekimenaren bidez janaria etxeetara banatuko dute, bai partikularrei bai enpresei. Bestalde, elikagaien eraldaketa egingo du eta sukalde nahiz jangelen kudeaketa zerbitzuak eskainiko ditu. SOSTENIBLEUno de los objetivos de Bertatik es ��promover un sistema alimentario sostenible e independiente�� de Gipuzkoa apostando por los productores y los alimentos locales.