GARA Euskal Herriko egunkaria

Arcelor Mittalek urtebetez luzatu du aldi baterako lan-erregulazioa

Arcelor Mittalek urtebetez luzatu du aldi baterako lan-erregulazioa Etxebarri, Agurain eta Lesakan dituen lantegietan. Neurri hau salatu du ELAk, zuzendaritzak egoeraren araberakoa izan beharko lukeen neurri bat modu estrukturalean erabiltzen duela iritzita.

Arcelor Mittalen Etxebarriko lantegia. (EUROPA PRESS)

ELAk ohar baten bitartez iragarri zuenez, Arcelor Mittalek urtebetez luzatu du aldi baterako lan-erregulazioa Etxebarri, Agurain eta Lesakan dituen lantegietan. Atzo bertan eman zuen enpresaren erabakiaren berri sindikatuak.

ELAk salatu zuen Arcelor Mittal enpresak era iruzurtian erabiltzen duela neurri hau. Izan ere, egoera jakin baterako izan beharko luketen aldi baterako lan-erregulazioak enpresak «estrukturalki» erabiltzen dituela azaldu zuen sindikatuak.

«Enpresak 14 urte daramatza espedienteak aplikatzen, eta hori erabat irregularra da. Gainera, kasu honetan, urtebetez luzatu da espedientea; epe hori guztiz gehiegizkoa da. Gainera, enpresak ez ditu espedientearen arrazoiak justifikatu, eta estatuko sindikatuek aurreko espedientea duela 3 hilabete sinatu zutela aprobetxatu du aipatutako luzapena ezartzeko», ELAk azaldu zuenez.

Salatutako egoeraren aurrean, sindikatuak «inbertsio gehiago, plan industrialak eta kontratazio berriak» eskatu zituen, espedienteak aplikatzen jarraitu ordez.

«Euskal Herriko lantegietan, enplegu galera etengabea da, eta ez da ia kontrataziorik egiten; aldi berean, txanda- kontratua modu irregularrean erabiltzen da», nabarmendu zuen ELAk atzo zabaldutako oharrean.

Era berean, sindikatuak Nafarroako zein Gasteizko gobernuei irmotasunez galdegin zien Arcelor Mittal «enpresaren zuzendaritza bultzatzen ari den desindustrializazio-prozesuaren aurrean esku hartzeko».