2024 URT. 20 Euskal Herri osoko sagardoa hartuko du aurrerantzean Euskal Sagardoak Euskal Sagardoa jatorri-deitura aurkeztu dute ostiral honetan. Euskal Herri osoko produktua hartuko du barnean eta aitzindaria izango da, Bidasoaren bi aldeetako sagardoa babestuko duelako zigiluak. Aurrerago, Nafarroako sagar eta sagardotegiek ere sor-marka horretan sartzeko prozesuari ekingo diote. Donostian aurkeztu zuten Euskal Sagardoa jatorri-deitura berria. (Gotzon ARANBURU | FOKU) GARA DONOSTIA Euskal Sagardoa jatorri-izenak Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko sagardoak eta sagar barietateak ere barne hartuko ditu hemendik aurrera, Euskal Sagardoa deitura berriarekin. Gainera, Europar Batasunaren oniritzia jaso bezain pronto, Nafarroako sagardotegiek ere sor-marka horretan sartzeko prozedurari heltzeko konpromisoa hartu dute. Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Lakuako Gobernuaren ordezkaritzan egindako agerraldian. Bertan izan ziren Arantxa Tapia, Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua; Jose Maria Aierdi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen sailburua; Joseba Erramundeguy, Euskal Herria Hirigune Elkargoko ordezkaria; Unai Agirre, Euskal Sagardoa jatorri-izeneko zuzendaria; eta Bixintxo Aphaul, Domaine Bordatto-ko sagardogilea. Foru aldundietako eta sagar eta sagardoaren sektoreko zenbait ordezkari ere bertan ziren. Ipar Euskal Herrian egiten den sagardoa hartzeaz gain, hango sagar motak ere Euskal Sagardoa jatorri-deituran sartzea adostu dute, araudi bakarraren barruan. Euskal Sagardoa/Sidra del País Vasco eta Euskal Sagarnoa/Cidre du Pays Basque izango da izena. Lakuako Gobernuak azaldu zuenez, «une honetan, baimen administratibo guztiak jaso ondoren, jatorri-deituraren ezaugarri berri eta berritzaile honen izapidetzea Bruselarekin ixtear da». «Europan ez dago mugaz gaindiko araudi bakarreko bestelako jatorri-deiturarik eta hau izango da ezaugarri honekin jaioko den lehena», nabarmendu zuten. «Pirinioetako mugaz gaindiko jatorri-izendapena duen lehen edaria izango da Euskal Sagardoa. Araudi berdina izateaz gain, kudeaketa eta zertifikazioa ere bateratuta egitea adostu dute eta horretarako HAZIko Kontrol eta Ziurtapen arloa dagoeneko hasia da INAOrekin harremanetan Frantzian ere homologatua izateko eta jatorri-izendapenaren ziurtapena HAZIk egin dezan», azaldu zuten. «KONPLEXUTASUN ADMINISTRATIBO HANDIA» Arantxa Tapiaren hitzetan, prozeduraren izapidetzea «oso aurreratuta dago», eta «konplexutasun juridiko eta administratibo handia» izan du, Erramundeguyk azpimarratu zuenez. Izan ere, aurkeztutako eta trukatutako dokumentu guztiak hiru hizkuntzatara itzultzea eskatu dute. «Europan ez dago araudi bakarra duen mugaz gaindiko beste jatorri-deiturarik», nabarmendu zuen Tapia sailburuak atzo, eta, beraz, berezitasun horrekin sortuko den lehena izango dela azpimarratu zuen. Kalkuluen arabera, etorkizuneko Euskal sagardoa/Sidra del País Vasco-Euskal Sagarnoa/Cidre du Pays Basque jatorri-deiturak 62 sagardogile hartuko ditu (50 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak, 6 nafarrak eta 5 edo 6 Ipar Euskal Herrikoak), baita 390 sagar ekoizle ere. 62 AUTORESLas estimaciones apuntan a que en el futuro el nombre de Euskal Sagardoa... abarcar�� a 62 panes, seis o siete de ellos del Pa��s Vasco franc��s, as�� como a 390 productores de manzanas.