2024 EKA. 17 USOA OSTOLAZA, PIRINIOETAKO GAILURREAN Laboral Kutxako zarauztarrak Pirinioetako Tourra irabazi du, taldeari UCI itzuli batean lehen garaipena emanda. Hirugarren izandako Yurani Blanco taldekidearekin batera ospatu zuen podiumean. Usoa Ostolaza eta Yurani Blanco, Pirinioetako Tourrean. (LABORAL KUTXA) Imanol CARRILLO «Hitzik gabe...». Bi hitz hauekin hasten zen Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak atzo bere sare sozialetan zabaldutako mezua. Ez da gutxiagorako ere! Usoa Ostolazak historia egin zuen Pirinioetako Tourrean. Taldearen historian lehen garaipena lortu zuen zarauztarrak UCI itzuli batean, eta lehena euskal txirrindulari batentzat Joane Somarribatik. Gipuzkoarrak etapa garaipena erdietsi zuen larunbatean, Aubisquen, laino artean, eta atzo sailkapen nagusia berretsi zuen azkeneko jardunaldian -erregulartasuna ere irabazi du- bosgarren izanda. Gainera, Yurani Blanco taldekidea podiumera igo zen, hirugarren. Usoa Ostolazak errepidearen aldeko apustua egin du 2021az geroztik, eta, taldearen eskutik eta egituraren hazkundearen maila guztietan, aurrerapausoak eman ditu azken lau urteetan. Fisioterapiako ikasketak amaitu eta fisioterapia pediatrikoan espezializatuta dagoen zarauztarrak 2025era arte du kontratua taldean.