2024 UZT. 30 Genozidioa salatzeko zapi solidarioa Gernika-Palestina ekimenarekin, herrietako jaietan Palestinako genozidioa salatzeko eta dirua biltzeko zapia sortu dute. Jaietan salgai egongo den Palestinaren aldeko zapi solidarioa aurkeztu zuten Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU) Alaia SIERRA «Gure hirian jaiak alaitasunez eta normaltasunez bizi diren bitartean, Palestinako herriak bizi duen egoera kritikoa da»; hala adierazi dute Gasteizko Blusen eta Neskek. Horregatik, kuadrilletan banatuko den eta txosna eta taberna batzuetan salgai egongo den zapi solidarioa erabiliko da aldarrikapen gisa. Atzo Gasteizen aurkeztu bazen ere, Bilboko konpartsa batzuek eta Donostiako Piratek ere Gernika-Palestina dinamikarekin abiatutako ekimenarekin bat egin dute. Izan ere, uda osoan zehar Euskal Herrian izango diren jai guztietara zabaldu beharra dagoela uste dute, aurkezpenean azaldu dutenez. Horretarako, diseinua erabil dadin dohaintzan ematea erabaki dute. Elkartasun ekimen honetan «herritar guztiek parte har dezaten» Blusen eta Nesken zenbait kuadrillari guztira 2.000 zapi saldu dizkiete. Alde Zaharreko taberna batzuetan eta txosnetan ere egongo dira salgai. «Gasteiztar guztiak animatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera», adierazi zuten. Bildutako dirua Gernika-Palestina ekimenari bideratuko zaio. Izan ere, gaineratu zutenez, «genozidioak ez ditu oporrak hartzen», ezta «diplomazia sionistak» ere.