2024 ABEN. 07 Loturak (I) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Yoon Suk Yeolek ezarritako eta gerora Hego Koreako parlamentuak indargabeturiko gerra legeak 1980ko gertaerak gogorarazi zizkien hainbat hego korearri. Urte hartan gobernuak Gwangjun demokraziaren alde protesta egiten ari ziren herritarren kontrako sarraskia egin zuen. Urte berean orduko presidente Txun Doo-hwanek, bere aurrekoak egin bezala, hego korear tropak Vietnamera bidali zituen. Han Kangen “Sonyeoni onda” (“Giza ekintzak” bezala itzulia mendebaldeko hizkuntzetara, 2014) nobelako pasarte batek tropa horiei buruzko zurrumurruak azaltzen ditu, «nola herrixka jakin bateko emakumeak, haurrak eta adinekoak areto nagusian sartzera behartu zituzten eta eraikinari su eman zioten, lurrarekin berdindu zen arte». “A Man of Two Faces” (Bi aurpegiko gizona, 2023) liburuan aipatu pasarteari heltzen dio Viet Thanh Nguyenek, Gwangjunen eta Vietnamen arteko lotura azaltzeko. «Korearrek egin zuten japoniarrek beraiei egin zietena, eta japoniarrek kolonizatzaile zuriek zuriak ez diren herrialdeei egindakoaren antzera egin zuten. Gizagabetasun hau ezaugarri arras gizatiarra da. Britaniar inperioak sikhak eta gurkhasak armez hornitu eta frantsesek marokoarrak eta senegaldarrak Indotxinara bidali ostean, sikh, gurkhas, marokoar eta senegaldar hauek beren kolonizatzaileen alde eta beren moduko kolonizatuen kontra borrokatu ziren».