2024 ABEN. 20 «Etxera» pankarta jartzen saiatzeagatik bi donostiar epaituko dituzte GARA DONOSTIA Datorren 2025eko urtarrilaren 29an epaitegitik pasa beharko dute Joseba eta Eñaut Alvarezek, bi urte eta erdiko eta urte eta erdiko espetxe zigor eskaerekin, 2023ko Donostia Egunaren bezperan Konstituzio plazan “Etxera” jartzen zuen pankarta zintzilikatzen saiatzeagatik. Ekimena abiatzerakoan udaltzainak aldarrikapen ezberdinak jartzea debekatua zegoela esan eta «oldartu» egin zirela salatu zuten. «Borra eta ezkutuak baliatuz, oihu eta mehatxu artean, bandera jartzen ari ziren herritarren aurka egin zuten udaltzainek. Azkenean labana bat baliatuz banderaren soketako bat moztea lortu zuten, pankarta jartzea ezinezko eginez», adierazi zuten. Pasa den maiatzaren 18an, Udaltzaingoak ezarritako salaketaren ondorioz, eta nahiz eta gertaeren egunean poliziak ez zuen inor identifikatu, Eñaut eta Joseba Alvarezek epaitegira deklaratzera joan behar izan zuten. Geroztik, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak Eñaut Alvarezi urte eta erdiko espetxe zigor eskaera egin dio eta bi urte eta erdikoa Joseba Alvarezi, «autoritateari atentatua» eta «lesioak» eragitea egotzita. Era berean, isun administratibo bana ere jaso dute biek, 750 eurokoa, Mozal Lege bezala ezaguna den arautegia aplikatuz. ELKARRETARATZEA Piztu Donostiatik adierazi zutenez, urtarrilaren 29an Donostiako epaitegian egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatu dituzte gipuzkoar hiriburuko eragile sozial, sindikal eta politikoak. «Oso gertaera larria deritzogu kalean aldarrikapen ezberdinak jartzen ari diren herritarren aurka poliziak era honetan ekitea, baina are larriagotzat jotzen dugu gertaerak judizializatu eta ondorio penalak bilatzea, Eñaut eta Joseba Alvarezen kasuan gertatu den moduan», adierazi zuen herri mugimenduak. Mobilizatzeko deiarekin batera, beren «babes osoa» helarazi nahi izan diete epaituko dituztenei.