2024 ABEN. 21 Elkarrizketa IZARO ANDRES Musikaria «Euskal Herria oso abeslaria da eta mahaiaren bueltan asko abesten da» ‘‘Cerodenero’’ biran murgilduta dabilela kaleratu du Izaro Andres Zelaietak (Mallabia, 1993) ‘‘Izaro Gabonetan’’ diskoa. Zortzi abesti sortu ditu Gabonen unibertsoan kokatuta, pop kultura estatubatuarrean hainbat musikarik egin izan duen gisara, eta bihar eta etzi aurkeztuko ditu zuzenean Donostiako Kursaalean. (Maialen ANDRES | FOKU - ARRIGURI) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA Gabonzalea zarela argi dago eta irudi zitekeen zuk egin zenezakeela halako zerbait noizbait. Elurretan ikusi zaitugu, etxeari ematen diozun garrantzia… «Gure Gabon Gaua» kantua etorri zenean, gainera, zentzua hartu zuen zuk azkenaldian elkar hartu eta elkarbanatzeaz esan duzun guztiak. Bai, eta, gainera, inoiz baino zentzu gehiago du orain. ‘‘Cerodenero’’ diskoaren aro honetan oso emankor sentitzen naiz, eta gure lan taldearekin oso familian. Bereziki hori bideoklipean ere erakutsi nahi izan dut. Beraiei begira egote hori benetakoa da, askotan geratzen naizelako lelotuta haiei begira. Konturatzen naiz sekulako zortea dugula gauden tokian gaudelako. Mundu anglo-saxoian urtero egoten dira artista esanguratsuek egindako Gabonetako diskoak. Zuk gisa horretako zein disko izan dituzu gogoko? Nik gogoko-gogoko dudana, urtero-urtero entzuten dudana eta biniloan daukadana, Ella Fitzgeralden bat da, eta Frank Sinatrarena ere asko entzuten dut. Era berean, Miley Cyrusek Gabonetarako egin zuen berezi hura ere asko gustatu zitzaidan eta nahiko interesatuta nago Sabrina Carpenterrek aurtengorako prestatu duenarekin. Oso kuriosoa da Gabonen inguruan gertatzen den hori. Normalean artista bakoitzak bere nortasunetik gauza oso konkretuak egiten ditu, eta bitxia da bakoitzak nondik ikusten dituen Gabonak. Zurea bazetorrela jakitean, ea zein ikuspegitatik landuko zenuen kuriositatea sortu zitzaidan. Eta «Gure Gabon Gaua» abestiak baditu bi zati musikal nolabait ere; Euskal Herrian Gabon kanta bezala ulertzen duguna, batetik, eta mundu anglo-saxoiko “jingle” baten soinua, bestetik. Bai, eta funky kutsua duena edota aurrerantz egiten duen kantua da, jolastia, saltaria, hor ere ikusten dira bi munduak. Gabonetako Estatu Batuetako popa eta gure herriko Gabon soinuak. Hauek sortzen, ordea, noiz ibili zara? «Cerodenero» garaian? Edota denboran zehar gordetako abestiak dira? Nik gitarra eta pianoa sortzeko jotzen ditut, eta listo. ‘‘Cerodenero’’ idazten bukatzen ibili nintzen horretan, pianoan asko ibili nintzen eta Fa akordea ezagutu nuen. Gitarran ez dut jotzen Fa bere horretan, bueno, alferrentzako moduan bai, baina benetakoa ez. Benetako akorde hori jo nuenean, konturatu nintzen niretzat Gabonak hor zeudela, eta atzetik etorri zen ‘‘Gure Gabon Gaua’’. Kuriositate moduan, urtarrilean, 2tik 4ra, Euskaldunan eta Kursaalean emandako kontzertuetan jo genuen abestia, idatzita zegoelako ordurako. «Olentzero» kantuan sarreratik ulertu dezakegu zein unibertsotara goazen. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin egin duzu kantua, eta erabat haien abestia da. Xabi Zabalari ere galdetu nion ea eskurik sartu ote zion kantuari, eta ezetz esan zidan. Niretzat amets bat izan da tonu igoera, adibidez. Kantua idatzi genuenean argi eta garbi neukan horrek egon behar zuela, eta pailazoek kantatu zutenean, esaten zuten, «baina hori beti dago», eta ez, nire kantuetan lehenengo aldiz egin dugun zerbait da. Nolakoa izan da kantuaren garapena? “A cappella” idatzi nuen, ahotsez bakarrik. Etxean grabatu nuen, asko abestu nuen. Bandarengana joan nintzen eta zer nahi nuen esan nien, zer soinu mota nahi nuen, eta, horretarako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kantu mordo bat entzuten genituen, nolako giroa nahi genuen zehazteko. Argi neukan dultzainak edo gaitak nahi nituela, eta baita atabala nahi nuela ere, kalejira bat izatea nahi nuen, eta kalea sentitzea. Poza eta zarata pixka bat. Badakizu nork grabatu zituen dultzainak? Jokin Pinatxok. Aspaldian ez zuen jotzen eta, estudioan aritu ostean, ezpainetako minez joan zen etxera. Abestian, festa eta zarata bai, baina mehatxu txiki bat ere iruditu zait baduela lerroartean gordeta. «Berandutuz gero…» Ai, ai, ai. Bai, eta pixka bat bazen hori ere kontzeptua. Nik Gabonak zelan ulertzen ditudan hor ere sartzen da. Ni oso konektatuta sentitzen naiz iparraldearekin, elurra, hotza… eta gau luzearekin ere konektatzen dut, baina Ipar Polotik gertu dagoen gau luze horrekin, ez hemengoarekin. Gau oso luze bat datorrenean, nola argitu? Zeren gauak oso luze direnean, egun bat joan eta bestea etorri, pisua hartzen du guztiak, beldur puntu bat ere bai… Ni, gainera, oso beldurtia izan naiz gauarekiko, eta istorio pila bat sortzen dira horrekin laguntasuna topatu nahian. Bertako munstroekin laguntasuna ere topatu behar da. Hortaz, istorioak asmatuz, norbait etorriko ote den, janari goxoak prestatu… Pixka bat magia hori guztia bizirik mantentzeko hotz eta iluntasun horretan. Olentzerorenak hor hartzen du zentzua. Ni, umetan, askotan esna gelditzen nintzen Olentzero ikusi ahal izateko gauez. Ume askok egin duen moduan. Hurrengo goizean gurasoei kontatzen nien esna geratu nintzela eta ikusi nuela, eta nik hori sinesten nuen. Zain egote eternala da, galderak baino ez dituena sortzen. Non bizi da, baina? Basoan? Baina guk Mallabiko basoak ezagutzen genituen eta ez genuen topatzen, hortaz, non bizi zen konkretuki? Bada, galdera eta erantzun eternalen zera hori, zain egote hori bera da kantuak gordetzen duena. «Hartu lerak maldan behera» kantuarekin asko flipatu dut. Hilaren 24an, kaleetan, bai hau eta baita «Olentzero» ere abestuko direla uste duzu? Bada, espero dut asko abestuko direla. Ez dakizu zenbat hunkitzen nauen irudikatzeak jendearen etxeetan egon naitekeela edota jendearen konpainia izan ahal naizela modu batera edo bestera. Oparia niretzat da. Lehendik ere Izaro iristen zen umeengana eskoletan. Diskoa egiten ari zinenean ez dakit buruan ba ote zenuen Gabon kanten bueltan ari zela aldaketa bat gertatzen, laikotasunera eta halako kontuetara. Hutsune bat bazela. Bai, eta horrek ere eraman nau hau sortzera, ezta? Nik ere sentitu nuen beharra hau entzuteko. Hortaz, nik entzun nahi banuen, bada, goazen egitera. Hortaz, bai, izan daiteke jendea egon izana horrelako kantuen zain. Orain entzungo dute itxarondako hori. Eske kantutik badu «Ura eskutik eskura» abestiak, makila hotsak-eta entzuten direlako. Zuek Mallabian makila eta guzti abesten duzue Gabonetan? Bai, oles kantua da, eta bai, makila eta guzti ateratzen gara kantatzera. Lurra esnatzeko eta lurrarekin konektatuta sentitzeko. Nahi nuen oles kantu bat egin, baina gaur egunera ekarrita, erakutsi nahi nuen nik nola interpretatzen dudan kantaera hori. Izan ere, kantatzeko modu hori bada niretzat oso mistikoa eta sustraietara lotzen dena oso indartsu, eta erritutik ere baduena. Kursaalera makilekin joango gara, eta gauza tantrikoak sentitu ditut entseatzerakoan. Orain, hirian bizi zara. Gabonak bizitzeko modua asko aldatzen da? Asko, bai. Gu beti mendi kontzeptu batean, bakoitza bere etxe banatuetan, bizi izan gara. Ez dugu kalerik eduki. Hortaz, elkarren etxeetan egon izan gara beti, lagunen artean, elkarren familietan oso barneratuta. Gure kontzeptua beti oso etxekoia izan da, gauza denak beti oso etxe barruan egin izan ditugu. Hortaz, Gabonak beti lotu izan ditut etxe baten barruarekin. Egia da kaleak oso polit egoten direla eta hori guk ez geneukala, baina niretzat etxe barruan gertatzen da magia. Pisuan sutondoa sumatzen dut faltan, eta hori gabe ez dakit nola usaindu Gabonak. Azkar saldu ziren Kursaaleko sarrerak, eta kontzertu oso berezi baterako izan da. Eta kanturik ere atera gabe ginela. Benetan, jendeak nigan daukan konfiantza ez dakit nola eskertu bueltan. Bueno, bai, kantatuz. Baina kanturik atera gabe bi Kursaal betetzea, bi tigre handi, sekulakoa da. Aurreko egunean beti urduri egoten naiz, baina gero han egoten naiz. Kontzertu oso desberdinak izango dira ohituta gaudenetik. Mahai bat diseinatu dugu eta denok mahai buelta batean jarriko gara, gure otordu bihurtuz gure instrumentuak. Elkarrekin abestekoa izango da. Euskal Herriak badu hori, oso herri abeslaria da eta mahai bueltan asko abesten dugu. Hortaz, hori ere ekarri nahi genuen bertara, gure Gabon afari propio bat izango balitz moduan. GABONETAKO DISKOA«Normalean artista bakoitzak bere nortasunetik gauza oso konkretuak egiten ditu, eta bitxia da bakoitzak nondik ikusten dituen Gabonak» OLENTZERO«Ni, umetan, askotan esna gelditzen nintzen Olentzero ikusi ahal izateko gauez. Ume askok egin duen moduan. Hurrengo goizean gurasoei kontatzen nien esna geratu nintzela eta ikusi nuela Olentzero, eta nik hori sinisten nuen»