2024 ABEN. 27 Preso, iheslari eta deportatuentzat soluzio integrala eskatuko dute Aiztondoko udalek Aiztondo bailarako udalek euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde abenduaren 31n, urteko azken egunean, egingo duten manifestazioa aurkeztu dute. «Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari eta elkarbizitzari begira jartzeko garaia» dela aldarrikatu dute. Aiztondoko udaletako ordezkarien agerraldia, Zizurkilen. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA ZIZURKIL Aiztondo bailarako Aduna, Asteasu, Alkiza, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek agerraldia egin zuten atzo Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, datorren abenduaren 31rako deitu duten manifestazioa aurkezteko. Bertan izan ziren Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea, Kristina Rodriguez Adunako alkatea eta Larraitz Alkorta Asteasuko zinegotzia. Larraulgo Udalak ez du bat egin ekimenarekin. Manifestazioa Villabonako Errebote plazatik abiatuko da, 18.30ean, eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bukatu. «Behin betiko bakea, konponbidea, elkarbizitza. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera» leloa izango du. Adierazi zutenez, gabonak lagunekin eta familiarekin jai giroan ospatzeko egunak izan arren, badira, halaber, «biolentzia ezberdinen eraginez ondotik joanak, espetxean lau hormen artean daudenak edo erbestean daudenak gogoratzeko egunak». ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuenetik 13 urte igaro diren arren, azpimarratu zuten oraindik 124 euskal preso daudela espetxean eta 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatuen artean. «Hamahiru urteren ondoren, salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute. Estrategia antiterroristapean bideratutako legeak, orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da egun suposatzen duen salbuespena», agertu zuten. «PREMIAZKOA» Alkate eta zinegotzi hauek «premiazkotzat» jo zuten gatazka politikoak utzitako ondorioekin amaitzea. «Salbuespen lege batekin amaitzea lortu badugu ere, oraindik indarrean jarraitzen du salbuespen auzitegi den Auzitegi Nazionalak, edo bizi osorako espetxe zigorra ordezkatzeko sortu zen 07/2003 legeak», esan zuten. Beraien esanetan, «euskal gizarte osoaren ardura da etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea». Horregatik, Aduna, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Amasa-Villabonako udalek euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten «aterabide integral bat beharrezkoa dela» aldarrikatuko dute urteko azken egunean. ETORKIZUNA«Aiztondoko udaletako alkate eta zinegotziok Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari eta elkarbizitzari begira jartzeko garaia dela aldarrikatu nahi dugu», nabarmendu zuten agerraldian.