2025 URT. 08 FUTBOLA - GAZTEEN KOPA Vasconia, Danok Bat, Athletic, Osasuna eta Realeko gazteak Asteburuan jokatuko dira lehen kanporaketako partidak. Danok Bat eta Athletic elkarren kontra arituko dira; Damm, Valladolid eta Bartzelona izango dituzte aurkari Vasconiak, Osasunak eta Realak. Vasconia taldeak 2-0 irabazi zion Antiguokori, eta bideratuta utzi zuen Koparako sailkapena. (VASCONIA) GARA Espainiako Federazioaren gazteen maila goreneko liga txapelketak denboraldiaren erdia bete zuen urte amaieraren aurretik, eta Gazteen Errege Kopan lehiatuko diren taldeen sailkapena osatuta geratu zen. Asteburuan izango da lehen kanporaketa. Partida bakarrean erabakiko da, eta bertan Euskal Herriko bost talde izango dira: Vasconia, Danok Bat, Athletic, Osasuna eta Reala. Ohi denez, multzo bakoitzeko lehen lau taldeak sailkatu dira Koparako, eta horiekin batera multzo guztien artean bosgarren postuan dauden lau hoberenak ere bai, guztira 32 talde. Horrela lortu du Realak sailkatzea. Ibilbide ikusgarria egin dute Vasconiak eta Danok Batek. Beste hirurak LaLigako talde profesionalen gazte taldeak dira: Osasuna, Reala eta Athletic. Klub nagusien artean, ez Alavesek ez Eibarrek ez dute Koparako lekurik lortu. VASCONIAREN BALENTRIAK Donostiako Vasconia bigarrena da aurtengo ligan, Athleticen atzetik. Bere hirugarren denboraldia da goreneko maila honetan, eta lehen aldiz sailkatu da Koparako. Iaz ere sekulako balentria egin zuen, denboraldi erdian jaitsiera postuetan baitzegoen, baina bigarren itzulian partida bakarra galdu zuen eta azken jardunaldian mailari eutsi zion. Egoera zaila izan zen bigarren itzuli hori, azken jardunaldietara arte ez zuen-eta azken postuetatik ateratzerik lortu. Partidak galdu ez arren, berdinketa ugari izan zituen, eta lehiakideek ere gogor eutsi zioten amaiera arte. Aurten, ordea, goitik etorri da ezustea. Talde indartsua eta orekatua osatu du, jarritako oinarri sendoei esker: Vasconian bertan hezitako jokalariak (hamar jokalari Kadeteen Euskal Ligan aritutakoak dira, eta horien artean badira betidanik bertan aritu diren jokalari oso baliotsuak, hala nola Jon Cepas, Martin Insausti eta Xabier Fernandez -bi lehenak lesionatuta egon ziren iaz-); beste talde batzuetatik egindako fitxaketa onak eta zenbaitetan erabakigarriak (Añorgako, Hernaniko, Lesakako, Hondarribiko eta Koxkaseko jokalariak iritsi dira, baita Euskal Herri kanpotik ere: Dani Martinez, Valladolidetik); eta Realak utzitako jokalarien lana eta konpromisoa. Realeko jokalariak lau dira, eta horietatik bi lehen urtekoak (2008n jaiotakoak). Esperientzia handia hartzen ari dira gazteen lehen mailan, Vasconiaren eskutik. Arerio gogorra izango du larunbatean, Puioko bere zelaian arratsaldeko 16.00etan jokatuko den partidan. Damm Kataluniako talde indartsua izango du aurrez aurre. Azken lau urteotan Kopan izan da eta ligan, 3. multzoan, Bartzelona eta Español taldeen kontra bakarrik galdu du, bietan gol bakar baten aldeaz. DANOK BAT, BERRIRO MAILA GORENEAN Danok Baten lorpena ere nabarmentzekoa da. Aurten berriro maila berreskuratu du. 2022-2023 denboraldian galdu zuen. Jaitsiera kolpe latza izan zen, 28 urte jarraian maila gorenean lehiatu ostean. Gazteen lehiaketan talde indartsua izan da beti, eta ez da Kopa jokatzen duen lehenengo aldia. Laugarrenez iritsi da oraingo honakoarekin. Duela hamar urte izan zen azkena. Gogotsu bueltatu dela egiaztatu du ligan, gero eta indartsuago aritu baita lehen itzulian. Oinatz Ramos Trapaga aurrelariaren golek zeresan handia izan dute horretan. Uda honetan kirol prentsan argitaratu zen Athletic-eko alebin eta infantil mailetan egona den Ramos UD Palmas-ek fitxatu zezakeela. Nolabait, zorte txarra izan du zozketan Danok Bat taldeak, Athletic tokatu baitzaio. Kopa aukera ona izan ohi da Euskal Herritik kanpoko talde handien kontra aritzeko, baina Danok Batek hiru bider -bi ligan eta hurrengo asteburuan Kopan- Athletic izango du aurkaria. Athletic da, berez, faboritoa, ligan aurrena doalako, ligan partida bakarra galdu duelako eta Kopa Lezaman jokatuko delako. Larunbatean izango da 17.00etan. Manex Lozano nafarra, Oberena taldetik iritsitako gaztea da mailako golegile nagusia, hamalau golekin. Lezamako harrobiko taldearen bigarren golegilea Unax Urzaiz Iriondo da -Ismael Urzaiz aurrelari handiaren semea-, zazpi golekin. Talde profesionalen beste filialei dagokienez, Osasuna hirugarrena da ligan. Behetik gora egin du, oso petral hasi baitzuen denboraldia. Seigarren jardunaldian jaitsiera postuen ondoan zegoen. Kopa etxean jokatuko du, Taxoaren, igandean, 12.00etan, eta Valladolid izango du aurrez aurre. Ligan bosgarren den Realak izango du aurkari gogorrena: Bartzelona. Partida Katalunian jokatuko da, Joan Gamper zelaian, igandean, 17.00etan. 2. MULTZOANLigako bigarren multzoan lehiatzen dira euskal talde hauek. Klub nagusien artean, Alaves eta Eibar ez dira Koparako sailkatu. BAT GUTXIENEZSegurua da gutxienez euskal talde bat final zortzirenetan izango dela. Ea zeinek gehiagok gainditzen duen kanporaketa zail bezain eder hau.